GARA > Idatzia > Editoriala

Japoniako lurrikara eta segurtasun nuklearra

Munduko zentral nuklearrik handiena zer-nolako egoeran dagoen jakiterik ez dugu. Joan den astelehenean Japoniako Niiagata eskualdean gertatu zen lurrikarak Kashiwazaki-Kariwako zentralean izan zuen eragina. Hastapenean zentral erraldoi horren arduradunek egoeraren larritasuna gutxitzera jokatu zuten, itsasora isuritako ur kopurua eta horren erradiazio maila «neurrien barruan» kokatuta. Izan ere, atzo zabaldutako berrien arabera, Richter eskalan 6,8 gradu jo zituen lurrikarak hainbat haustura sortu zituen aipaturiko zentralean, eta ur kutsatuaren beste isurketa baten ondorioak oraindik ere argitzeke daude.

Japoniak 57 erreaktore ditu martxan eta gaur egun energia nuklearrak herrialde aurreratu horren beharren %30 betetzen du. Japoniak dituen premia energetikoak gero eta handiagoak izanik, gobernuak apustu sendoa egin du atomoaren alde. 2010ari begira, Japoniako behar energetikoen %40 energia atomikoaren bidez asetzea aurreikusten du gobernuak. Energia atomikoari beste bultzada bat emateko asmoa defendatzeko orduan «mendekotasun energetikoa gutxitzearen beharra» aipatu arren, Tokioko erabakiaren atzetik konpainia elektrikoen itzala suma daiteke.

Zazpi erreaktore dituen Kashiwazaki-Kariwa zentrala Tokyo Electric Power (Tepco) konpainia boteretsuaren esku dago. Enpresako arduradunek lurrikararen ostean azaldu duten jarrerak kezka bizia sortu du Japonian. Informazio urria eta tantakakoa eman du konpainiak eta horrek jendearengan kezka areagotu du. Lurrikarak ohikoak izanik, Japoniak ahalegin berezia egin behar izan du betidanik segurtasuna bermatzeko. Izan ere, Tepco-ko enpresaburuek azaldu dutenez, azken lurrikara «erreaktoreak jasan ahal zuena baino haratago joan da». Hortan datza zalantza nagusia: inork ezin du, planta nuklear aurreratuenetan ere, «erresistentzia maila» zein den zehaztu... praktikan marra gorria gainditu arte. Eta, orduan, tamalez beranduegi izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo