GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Euskaltel-Euskadi Tourra Alpeak eta gero

«Garaipena lortu arte» ez dutela bakerik emango dio Astarlozak

Pasaiako txirrindulariak Briançongo etapan zeuzkan ipinita itxaropenak eta harro azaldu zen helmugan, ahalegin handia eginda etapako protagonista izan baitzen, saririk gabe geratu arren. Hala ere, Euskaltel-Euskadik garaipenaren bila jarraituko duela esan zuen

p040_f01_199x116.jpg

Arnaitz GORRITI | DONOSTIA

Denboraldi aparta egiten ari da Mikel Astarloza Euskaltel-Euskadirekin. Tourra baino lehenago hasi zen bere maila onena erakusten, baina Tourreko lehenengo bederatzi egunotan ari da erakusten bere aurpegi alaiena. Zoritxarrez, Alpeak pasa direnean, garaipenik gabe jarraitzen du txirrindulari gipuzkoarrak. Dena den, Briançongo helmugan aitortu zuen, setatsu eta konbentziturik oro, «etapa garaipenik lortu arte» ez direla «geldirik izango».

Izan ere, ez da irabazlea pasaitarra, baina bai ausarta eta buru argia. Hala, ihesaldiren batean derrigor sartzeko ahalegin betean hasieratik ekitea erabakita zuela adierazi zuen hedabideen aurrean.

«Behin eta berriz saiatzen ari gara. Tourra ganoraz prestatu dugu eta argi dago garaipen bat behintzat lortu arte ez gara geldirik izango», esan zuen.

«Nire kasuan, berriz, urrutitik jo behar nuen erasoa aukerarik izatekotan, ongi baitakit Galibierren gora onenen erritmoa niretzat gehiegizkoa dela. Hargatik saiatu naiz lehenengo kilometroetatik erasoetan sartzen, baina ezinezkoa izan da. Hala ere, nahiko pozik nago protagonistetako bat izatea lortu baitut», aitortu zuen.

Astarlozak Briançongo etapa «markatuta» zeukala aitortu zuen ere, alpeak «oso gustuko» dituela adierazteaz batera. Ondorioz, bere lanarekin harro azaldu zen, nahiz eta garaipenak ihes egin.

«Alpeak betidanik gustatu izan zaizkit eta Dauphine eta Tourrean bertan mailarik onena Alpeetan eman izan dut. Garaipena ez lortzeak pena apur bat ematen du, baina ezin da saiakera bakoitzean irabazi. Egunero saiatzen ari gara, behintzat, eta Euskaltel-Euskadi egiten ari den Tourra aipagarria da zentzu horretan. Gainera, horrela jarraituz gero iritsiko da noizbait garaipena», esan zuen.

Alpeek gutxien erabaki

Tourreko etorkizunari begira, aldiz, Albiko erlojupekoan izan daitezkeela aurreneko diferentzia garrantzitsuak iritzi zion Astarlozak. Bestetik, Alpeek aurten «inoiz baino gutxiago» erabaki dutela iritzi zion, egunkari honi egindako elkarrizketan.

«Nik uste aurtengoa izan dela Alpeek gutxien erabaki duten urtea. Aurreikusi genezakeen hala izango zela, Pirinioak izango direlako erabakigarri. Hala ere, Pirinioen atarian Albiko erlojupekoa izango da. Hor, berriro, lider aldaketa ikus dezakegula uste dut eta, zentzu horretan, lasterketa oso polita ikusten ari garela uste dut», amaitu zuen.

iritsiko da garaipena

Ahalegindu arren, ez irabazi izanak pena apur bat ematen du, baina zaila da eraso bakoitzean irabaztea. Hala ere, Euskaltel-Euskadiren Tourra aipagarria da, egunero saiatzen ari baikara. Horrela jarraituz gero, iritsiko da garaipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo