GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Mahai gainean kolpea

p040_f01_199x116.jpg

Gaizka LASA

(Karpin-Galicia)

Tourra Frantzia barruan dagoen beste estatu bat dela esan daiteke. Azkenaldian aginte arazoak izaten ari dena. Eta atzokoa egun historikoa izan daiteke, zentzu horretan. Izan ere, errege bihurtzeko bidean bete-betean dagoen printze gazte batek estatu kolpe saiakera serioa egin zuen atzo. Azkenean, beste hautagai nagusiek lortu zuten saio hori zapuztea, eta eguna salbatu zuten, sufrimendu ikaragarriarekin izan bazen ere. Baina Contadorrek atzo mahai gainean eman zuen golpeak isil-isilik utzi zituen denak une batez, eta aginterako dohainak badituela erakutsi zuen. Testuinguru ezin hobea aukeratu zuen horretarako. Mendietan mendienean, Galibier handian, hain zuzen, eta nazioarteko txirrindularitzan nagusi izan nahi duten guztien aurrean. Hantxe, erritmo itogarrian, erresistentzia onena dutenek baino jasan ezin duten martxa bizi horretan, eman eta eman, ordubete baino gehiago aldapan gora. Eta bat-batean bizikletatik altxa eta a zer erasoa jo zuen madrildarrak! Isiltasunean ematen den garrasi horren inpaktua bezalakoa izan zen. Bere aurkariak ez ezik, motorrak ere atzean utzi zituen lehenengo kolpe bortitzarekin. Baina gero iraun egin zuen. Zure esfortzua muturrera eramaten ari zarenean aldamenetik beste bat horrelako abiaduran ateratzen ikusteak buruan zartada gogorra ematen du, eta orain arteko errespetua beldur ere bihurtu da. Bestalde, erregetzara iristeko edonork aldamenean behar duen taldea baduela ikusi genuen. Beste taldeetako buru zein morroien lanak gauzak zeuden bezala utzi zituen, baina orain ondorioak datoz. Gorputz guztiak pixkanak beherantz egiten ari dira, baina ezin berdina esan moralaz. Hurrengo orduetan buruak buelta asko ematen ditu, eta norabide desberdinetan. Garrantzitsua da ganbara bere lekuan izatea, txukun eta ordenatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo