GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Emakumeak Bizkaia-Panda-Durango

Maria Gallastegi, euskaldun onena Italiako Giroan

Bertan izan diren zazpi txirrindularien artean lehena izan da gipuzkoarra

p042_f01_148x096.jpg

Mikel ARREGI | BILBO

Joan den igandean amaitu zen Emakumeen Italiako Giroa eta parte hartu duten zazpi euskaldunetan onena izan da Maria Gallastegi txirrindulari gipuzkoarra. 37. amaitu du sailkapen nagusian, Edita Puncinskaite irabazlearengandik 15 minutura.

Maria «ahalik eta gehien disfrutatzera eta gauzak ahalik eta ondoen egitera» joan zen Italiara. Hala ere, Giroan lortu dituen emaitza zoragarriak ez zituen espero eibartarrak. «Hasieran beldurrarekin joan nintzen bertara, egun asko bata bestearen atzetik bizikletan egin behar genituen-eta; azkenean, bederatzi etapa izan dira eta niretzat horrenbeste egun jarraian egitea esperientzia berria izan da». Helburuak hain erraz bete dituela-eta, oso pozik ageri da Italiatik bueltan. «Bukatze hutsarekin pozik egongo nintzateke; beraz, euskaldun onena izatearekin, oso pozik nagoela uste dut».

Italiako Giroa emakumeen txirrindularitzan dagoen probarik garrantzitsuena izateaz gain, gogorrena ere bada. Hori dela-eta, «esperientzia polita izan den arren, oso gogorra» izan dela onartzen du Gallastegik. Munduko txirrindulari onenek parte hartzen dute bertan eta hori lasterketak zeukan maila altuan islatzen dela uste du Bizkaia-Panda taldeko txirrindulariak. «Bertan argi ikus daiteke hau dela nesken egutegi barruan dagoen lasterketarik garrantzitsuena, jendea topera heltzen da eta bertan munduko eta herrialde desberdinetako txapeldun asko ikusten dira».

Bederatzi eguneko proba batek ekartzen dituen gorabeherek ere eragina izan dute txirrindulari euskaldunarengan. «Han, egia esan, ez daukazu denbora asko lasterketaz disfrutatzeko, egunak lekualdatze artean joaten zaizkizu, lasterketa bukatu, hotelera joan, masajea hartu, afaldu eta ohera».

Debabarrenatik Bizkaiara

Italiako Giroan egoteko taldez aldatu behar izan du Maria Gallastegik. Euskal Herriko denboraldia Debabarrena taldean bete du Bizkaiko Bira arte, eta handik aurrera Bizkaia-Panda-Durango taldean ibili da. Talde aldaketa horren arrazoiak berak azaldu dizkigu: «Giroa lasterketa profesionala da eta horregatik UCI lizentzia daukan talde batekin bakarrik joan nintekeen hara, beraz, Bizkaia taldearekin Girora joateko hitzarmena sinatu genuen». Hemendik eta denboraldi amaiera arte Bizkaia taldean ibiliko da gipuzkoarra, nahiz eta datorren hilabeteetan egingo duen egutegia oraindik erabaki ez duen arren.

Hirugarren da GARA Emakumeen Sarian

Euskal Herriko lasterketetan ere aurrean izan da Maria Gallastegi. Denboraldi hasieran mutilekin egin zituen lasterketa batzuk juniorretan, eta beraietan lortutako erritmo altuari esker garaipen ikaragarria lortu zuen Balmasedan ospatutako GARA Emakumeen Sariko lehen proban. Lasterketa guztian zehar erasoka ibili ostean, ihes egitea lortu zuen eta bigarren sailkatuari bost minutuko errenta ateratzea lortu zuen bukaeran. Torneo berdineko hurrengo lasterketan hala ere, ez zuen lehen lasterketa hartako emaitza bera lortu. Ordoñanan ospatutako lasterketa hartan, hamaseigarren postuan amaitu zuen txirrindulari eibartarrak. Beste txapelketei dagokienez, maritu handiko postuak lortu ditu Mariak. Lizarran ospatutako Espainako Kopako lasterketan bigarren izan zen eta txapelketa berdineko Madrileko proban bostgarren.

Euskal Herriko emakumezko txirrindularitzaren proba garrantzitsuenean ere aurrean ibili zen. Bizkaiko Biran hirugarren euskalduna izan zen eta sailkapen nagusia 32. postuan amaitu zuen. Gallastegiren hurrengo erronka larunbatean Tafallan ospatuko den Euskaldun trofeoko lasterketa izango da.

M.A

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo