GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Naziek hildako busturiarrari omenaldia Alemanian

Iragana ezagutu, oraina lasaitasunez bizitzeko

Duda-muda, beldur eta aldi berean gogo biziz. Anton Gandarias gernikarra bihar abiatuko da Alemaniako Flossenbürgera, zer topatuko duen jakin gabe, zein sentimenduk hartuko duten zalantzan, baina pozik, orain sei urte abiatutako bideak osabari aitortza ekarri baitio, erakusketa handi batean panel bat eskainiko diote-eta.

p004_f01_111x111.jpg

Osaba Angel inoiz ikusi gabea du, baina txiki-txikitatik egon da beren etxean, isilean, bihotzean, amak mesanotxean ondo gorde eta sarritan irakurtzen zuen gutun hartan. Gerrara joan zela, Estatu frantsesera ihes egin behar izan zuela, bertan atxilo hartu zutela eta, azkenean, Alemaniako kontzentrazio-esparru batean hil zutela. Datuok bazituen, bai etxean entzunak zituelako, baita amak ondo gordea zuen gutun kuttun hura irakurtzeko aukera izan zuelako ere. Baina gerra kontuak, etxe askotan bezalaxe, isilean, ahapeka kontatu izan zizkieten eta, akaso horregatik, urteak pasa ahala, jakinminaren arra piztu zitzaion Antoni, osaba Angeli bizitzak gorde zion zorigaiztoko ibilbidea ezagutzeko gogoa, premia.

1945eko uztailaren azkenetan Busturiako baserrian aiton-amonek jasotako zorigaiztoko eta, aldi berean, lasaigarri gertatu zen eskutiz hura izan zen informazio iturri behinena. Urteak ikusi gabe pasa ostean, bere semearen heriotza jakinarazi zieten 40 lerro eskas, gogor eta irakurriaren irakurriaz ia buruz esan zitzaketen haietan. Urruñatik bidali zieten gutuna, semearen azken joan-etorriak ondo ezagutu zituen errenteriar batek frantsesez idatzita iritsi zena. «Nire aiton-amonek ez zekiten frantsesez eta hizkuntza ezagutzen zuen busturiar batek itzuli omen zien hau», azaldu du ilobak, gutuna bera eskuartean harturik. Lerro eskas horietatik tiraka aritu da Anton azken urteetan, osabaren historia jaso, berreskuratu eta betikotu nahian. Pozgarria, baina aldi berean tristea ari zaio egiten ibilbidea, «azken batean, konturatzen ari bainaiz osabak bizitza guztian sufritu baino ez zuela egin».

Hamaika seme-alaben artean zaharrena zen Angel Lekuona, Busturiako baserri batean 1915eko martxoaren lehenean jaiotako. Osasuna lagun izan ez bazuen ere, txikitatik beharraren premiaz jabetzea beste erremediorik ez zuen izan. Etxean haur zenean, hamalau urte bete zituenean, itsasora joan zen lanera, beranduago, bere anaia Ildefonsok egin zuen bezalaxe. Ternua inguruan aritu zen arrantzan Angel gaztea, soldadutzara joateko deia jaso bitartean. Berriz ere etxetik urrun, Ferrolera joan behar izan zuen soldadu, ia etxeratzeko betarik gabe 36ko altxamendu faxista abiatu zenean. Angelek Errepublikaren aldeko tropetako batean jardun zuen borrokan eta orduantxe Busturian utzitako familiak ikusi zuen azkenekoz. Egun haietatik heriotza aurkitu zuen eguna arteko Angelen ibilbidea «omenka» hasten da, ziurtasunean errenka. «Omen» horiek argitu nahi ditu Antonek eta horretarako ehunka mezu elektroniko, dozenaka eskutiz eta hainbat dei egin ditu azken urteetan. GARArekin Gautegiz-Arteagan egindako zitara bertara ehunka orri ekarri ditu, baina baditu gehiago etxean. Galdetuaren galdetuaz jakin du osabak Euskal Herria utzi eta Estatu frantseserako bidea hartu zuela gerratik ihesi, bertan aritu zela lanean basoan, horrela azaldu dio behintzat izebak, «etxera bidalitako gutuntxo batean horixe ulertu omen zioten».

Oraindik ere argitu gabe du, ordea, zergatik hartu zuten atxilo, non eta noiz eta zer dela eta amaitu zuen Bordeleko Fort du Hâ gotorlekuan preso. Zergatik beranduago Paris inguruko Compiegne presondegira eraman zuten; bertatik, Buchenwald kontzentrazio- esparrura eta, azkenik, heriotza topatu zuen Flossenbürgeko eremura. «Eskutitzean bertan ibilbide luze hau kontatu zitzaigun, eta Buchenwald eremuaren gogortasunaren berri eman. Bertan, bi hilabete eskas egon zen eta bertatik eraman zuten Flossenbürgera. Sarrera akta lortu dut, baina bere heriotzarenik ez», azaldu du Antonek, sarrera agiria ehunka dokumentutik bereizi eta erakusten zuen bitartean. Jakin ahal izan duenez, urte eta bi hilabete inguru eman zituen osabak gogotik lan eginez, nahiz eta gaixorik egon eta hainbat ebakuntza egin.

Horrelakoak izan ohi dira zorigaiztoko istorioen osagaiak, denbora kontrako dutenak alegia. Izan ere, hamalau hilabete luzez kontzentrazio-esparruan nola-halako egonaldia egin ondoren eta nazien eskuetatik askatu baino hamar hamabost bat egun lehenago erail zuten Angel, lanera bidean zela tiro bat jota. «Nonbait armak izatea egotzi zioten, beranduago SSek jarritakoak zirela jakin bazen ere, aitzakia horretaz baliatu ziren lanera bidean hiltzeko, beste hainbat lagunekin batera». 1945eko apirilaren 10 hartan Angelek 30 urte baino ez zituen, eta «jaio zenetik apenas izan zuen poztasunik, bizitzaren gogortasunak ezagutu baino ez zituen egin».

Azken urte hauetan, 40. hamarkadara joan-etorrian aritu da Anton, denboraren mugak hautsi nahian, gehiago jakin nahian, baina denbora bera bilakatu zaio traba, osabaren ibilbidea ezagututako asko hil baitira jada. «Orain hilabete batzuk lortu nuen eskutitza bidali zuen gizonaren bizilekua eta telefonoa topatzea, baina zoritxarrez hilabete eta erdi lehenago hil zela esan zidaten». Oraindik ere, ordea, esperantzak tarte zabala du Antonen bilaketa lanean. Jakin badaki garai hartan osabarekin egondako busturiar bat Bordelen dagoela eta abuztuan tartea hartu eta bertara joateko asmoz dabil, zer argituko, zer deskubrituko...

Urte luzeetan isilpean, sufrimenduan bizi izan du Antonen amak, Asunek, anaiaren heriotza. Zer dio berak bilaketa luzeaz? «Zertan nabilen horrelako lanak hartzen esaten dit, `ez duzu tio bizirik ekarriko', baina nik jakin badakit poztasunez hartzen dituela ezagutzen joan garen xehetasun guztiak, nik bezalaxe anaiaren nondik norakoa jakiteko beharra baitu, sakonean». Flossenbürgera abiatu behar duen bidaiari dagokionean ere aritu zaizkio kontseju ematen ama eta izeba. «Kontuz ibiltzeko esan dit izebak `Alemanian jende gaiztoa dago' esanaz». Baina gustura daude, osabari errekonozimendua egingo baitiote. Galdetuaren galdetuaz aritzearen ondorio da erakusketan tarte bat egitea. Alemanian ikerketan jardun duen ikerlari bati zuzendu zitzaion datu eske aspaldian eta horri erakusketa bat egiteko ardura eman ziotenean, nola ez, Anton eta bere osaba Angel etorri zitzaizkion burura.

Antonek, jakin badaki seguru asko negar ugari egingo duela, atseginak ez diren kontu asko aurkituko dituela, baina bere bilaketa lanean lagungarri izango zaizkion datu mordo bat ere topatu nahian doa. Bueltan, batzuk zein besteak kontatu dizkigula hitz eman du.

Maider EIZMENDI

Mezuak

Anton Gandariasek makina bat aldiz arakatu ditu Flossenbürgeko eremuaren inguruan dauden web orrialdeak. Sarrera ateetan bitxiak diren hainbat mezu zirela nabarmendu du, esaterako, «bakoitzari merezi duena» esaten duen bat.

Flossenbürg

Flossenbürgeko kontzentrazio-esparrua 1938an ezarri zen Babaria inguruan, Txekoslobakia zenaren ondoan. 1938 eta 1945 bitartean 96.000 pertsona egon ziren preso bertan eta 30.000 inguruk galdu zuten bizia.

Irekiera

Igande honetan, hilak 22, Flossenbürg kontzentrazio-esparruaren gaineko erakusketa zabalduko da. II Mundu Gerran bertan gertaturikoak azalduko dira eta Angel Lekuona busturiarrari panel bat eskainiko zaio.

Ordezkari

Gonbitea jaso bezain laster agertu zuen joateko asmoa, baina maila pertsonalean ez ezik, Anton Gandarias Busturiako Udalaren ordezkari ofiziala ere izango da igandean egingo duten erakusketaren irekiera ekitaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo