GARA > Idatzia > Musika

«Norbere burua da gutariko bakoitzaren etsairik zitalena taldean»

p054_f02_148x92.jpg

Tex PERKINS

Beasts of bourbon taldeko frontman-a

Bourbonaren Piztiak boskote australiar bortitz, aseezin eta neurrigabea dugu. Hainbat egitasmotan zaildutako musikariz osatua, iaz berriro elkartu eta Azkena Rock jaialdian izan genituen eta orain «Little Animals» (Albert Productions, 2007) aurkeztuko dute Kafe Antzokian, Lisa Kekaula gidari duen The Bellrays («Have a Little Faith», Bittersweet Records, 2006) talde dotorearekin batera.

Anartz BILBAO | BILBO

1983an sortutako superbanda australiarrak zuzeneko sendoa eskaini zigun eguzki galdatan iazko Azkena jaialdian. Orain, hemen da berriro Spencer P. Jones gitarra-jotzaile bikainak eta Tex Perkins abeslari eroak gidatu eta Toni Pola bateria-jotzaileak, Brian Hooper baxu-jotzaileak eta Charlie Owen gitarra-jotzaileak osatutako taldea -besteak beste, The Surrealists edo New Christsen aritutakoak-, bederatzi urteko isilaldiaren ondoren «Little Animals» lan berria besapean duela, rock australiarrean aditua den Santurtziko Bang! disko etxeak biniloan plazaratuko duena.

Bihar Los Angelesko The Bellrays laukotearekin Bilbon joko dutela profitatu dugu (Kafe Antzokian, 22.00etan). Tex Perkins frontmanaren adierazpenak jasotzeko. Lan berriari buruz itaunduta, hau esan du: «`Little Animals' lan berria grabatzeko arrazoi nagusia zuzenean jotzeko kantu berriak izatean datza, ezbairik gabe». Hastapenetan AC/DCren disko etxe izan zen Albert Productions-en plazaratutako lanak hamar kanta berri bildu ditu eta lau egunetan grabatu dute. «Egia esan, gure mugak ditugu aurrekontuari dagokionean baina rock'n'rolla da egiten duguna, berez oso zaila ere ez dena. Estudioak ez ditugu gustuko eta astebete nahikoa da album bat grabatzeko. Ondo lan egin dugula esan nahi du horrek».

Kantugile nagusiak Perkins eta Jones diren arren, sorkuntza lanetan taldekide guztiek hartzen dute parte. «Egitasmo ezberdinetan gabiltza talde kideak eta, besteek zer usteko duten inoiz ez jakin arren, printzipioz Piztietan pentsatuz idazten duzu. Hala ere, Beasts of Bourbonen kantak idazteko orduan taldean zaudenean idaztea duzu onena, ideiak elkar trukatuz».

Hogeita lau urte luze hauetan zehar makina bat musikari bikain pasatu da bandatik, Kim Salmon kasu, eta taldekideen arteko harreman gaiztotzeak aipatu izan dira banaketen arrazoi gisa. «Ez da horrela. Tirabirak izan ditugun arren ez da gorrotorik izan inoiz gure artean. Gizabanakoarengan dago arazoa, gehiegikeriaz beteriko bizimoduan. Norbere burua da gutariko bakoitzaren etsairik zitalena taldean». Iaz gure artean jo zuen taldeak eta maila apal batean badu bere arrakasta. «Arrakastatzat zer hartzen dugun finkatu beharko genuke. Gu zuzeneko taldea gara eta batez ere eta jotzeko gero eta toki gehiagotatik deitu, horrela neurtzen dugu arrakasta. Horretarako ekoitzi dugu lan berria, bira egiteko, lan bat kausitu nahi genuelako». Bukatzeko, hona Perkinsek bira eta publikoari buruz esan diguna: «Badugu gure entzuleria munduan zehar sakabanatua eta beti antzeko publikoaren aurrean jotzearen sentsazioa dugu, askok gure lana ezagutu ez arren. Badira nonnahi piztiak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo