GARA > Idatzia > Musika

Belarreggae edo Sizzla Kalonji rastafariaren estreinako bisita

Jaietan murgildurik dabilen Zornotzak Belarreggae jaialdia ospatuko du bigarrenez. Bertan, Karibeko erritmo beroak dantzatzeko aukera izanen dugu Chulito Camacho, Junior Kelly edo Euskal Herrian estreinakoz abestuko duen Sizzla Kalonji izar jamaikar handiarekin.

Anartz BILBAO | BILBO

Iaz Zornotzan abiatutako festibala dugu Belarreggae, izenak berak agerian uzten duen moduan, doinu jamaikar beroz blai datorrena. Radiationek antolatua, indartsu jaio zen jaildia Luciano izarraren parte hartzearekin eta indartsu dator oraingoan ere, Sizzla Kalonjik gurean egingo duen lehenengo agerraldiarekin. Miguel Orlando Collins 1977an jaio zen Saint Maryn, eta reggae musikako izar handia dugu egun. Jamaikako gazteriaren pobrezia, itxaropenik eza eta zapalkuntza ditu gai hitzetan Bobo Ashanti rastafari sinesmeneko artistak eta dagoeneko hogeita hamar lanetik gora ekoitzi ditu, 1995ean Zagalou disko etxean «Burning Up» debuta egin zuenetik. Azkena, hamabost kantez osatutako «I-Space», Greenseleeves disko etxean plazaratu duen hamargarrena. Ekoizle lanak Byron (In The Streetz) Murrayk egin ditu Big Yard estudioetan.

Azkenaldian kalapita ugari sortu da artista jamaikarraren hitzekin eta homofoboa izatea leporatu izan diote izarrari. Zornotzan The Firehouse Crew bandarekin arituko da.

Junior Kelly ere jamaikarra eta rastafaria dugu. 1969an jaioa, Spanish Townen hezitakoa dugu eta debuta egin eta hamar urte geroagoko «If Love So Nice» (1995) singleak eman zion ospea. 2005eko «Tough Life» du azken lana (VP Records). Chulito Camacho madrildarra dugu. «18 Quilates» izeneko hip hop lanarekin debutatu ostean, «Las Heridas del Corazón» (Boa, 2003) dancehall diskoa ekoitzi zuen eta orain «Kinky Music» aurkeztuko digu, iaz izen bereko disko etxean irarria. Biharkoan The Ranking Soldiersek lagunduko du.

Utan Bassum abeslari madrildarrak «Utan Bassum Inna Chalice Connection» debuta aurkeztuko du Mad Sensi Bandekin batera eta Jahsta Reggae Band hamarkote zaragozarrak «Legado», oraindik argitaratzeke dutena. Reggae Contesteko irabazle Franciska italiarrek irekiko dute jaialdia.

Festak jarrai dezan, txosnetan Luv Messenger Sound bartzelonarrek joko dute goizaldean.

Garraiobidea

Reggae Contesteko partaide ere bada Belarreggae. Txapelketa horretako irabazleek bederatzi jaialditan jotzeko saria eskuratzen dute, tartean Europako reggae jaialdi handiena den Italiako Rototom Sunsplash festibalean.

Garraioa errazte aldera eta Zornotzako jaiak direla kontuan hartuz, Euskotrenek ohiko zerbitzuaz gainera trenak jarri ditu gauean orduro Zornotzatik Bilbora itzultzeko.

BUM (Bilbao Urban Musikaldia) jaialdia ere antolatu du Radiationek, udazkenean Bilboko zezen plazara Morodo, 7 Notas 7 Colores, La Mala Rodriguez edo Mos Def hip hop izarrak hurbilduko dituena.

POLEMIKA

Homofobia salaketa bortitzak jaso ditu Sizzla Kalonji jamaikarrak eta zenbait erakundek letretan gay jendea hiltzera animatzen duela leporatu dio eta kontzertu batzuk bertan behera gelditu zaizkio.

Fitxa

Data: Larunbata 21.

Lekua: Larrea futbol zelaia (Zornotza).

Ordua: 18.00etan ate irekiera. 18.20an Francisca.

19.00etan Utan Bassun & Mad Sensi Band.

20.00etan Chulito Camacho & Ranking Soldiers.

21.30ean Junior Kelly.

23.15ean Jahsta Reggae Band. 00.30ean Sizzla Kalonji & The Firehouse Crew.

02.30ean Luv Messenger Sound (txosnetan).

Sarrera: 15/20 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo