Elorrioko Musikairek O'Carolan eta Allwood Smith ekarriko ditu
A. BILBAO | BILBO
Dantza, antzerkia eta musika eskaintzen jarraitzen du Musikaire udako jaialdiak Elorrion. Bihar, Lourdesen, O'Carolan arituko da eta etzi, Gazetan, Allwood Smith Alltet. O'Carolan folk seikote zaragozarra dugu, musika irlandarra jotzen duena. «La Llave de los Sueños» dute azken lana.Paristik dator Allwood Smith Alltet bikotea, biak anglosaxoiak badira ere. Faris Smith Jr. abeslari eta kontrabaxu-jotzaileak 60ko hamarkadan ekin zion musikari San Frantziskon eta Gulliver Allwood saxo-jotzaileak ibilbide oparoa du bluesaren munduan. «Wisdom versus Mischief» dute azken lana.