Laura Mintegi Idazlea
Hizkuntzarik gabe mintzatu
Ez duzu inoiz egin aproba? Telebista piztu eta kendu ahotsa. Bereziki interesgarria izaten da konkurtsoetan, partaideek sariren bat eskura dezaketenean erantzunak asmatuz gero. Zer esaten duten jakin gabe ere, egoera soma zenezake. Jokatzailearen jarrera ikustean badakizu urduri da- goen ala ez, zer nolako irudia eman nahi duen jendaurrean, zein den beraren lehentasuna, jokoa, denborapasa, irudia.
Keinuek bizitzarekiko jarrera adierazten dute, nola ekiten diogun datorrenari, konfiantzaz edo uzkur, besteengan konfiantza dugun ala mesfidati agertzen garen. Keinuak, eskuen mugimendua, lepoaren zuzentasuna, begiraden jokua, goputzaren kadentzia... horiek denak mintzatzen dira hitzik esan gabe. Lengoaia ez-berbazkoa da, hitzik gabekoa baina hizkuntza da finean.
Berriki suertatu zait hizkuntza askotako taldean aritu beharra eta hizkuntza horietariko gehienak ezin ulertzea. Nahiz eta kide guztiak elebidunak, elehirudunak edo elelaudunak izan, lingua franca erabili ezean, hitzek ez zuten balio handirik. Orduan datoz keinuak.
Pentsa genezake keinuak unibertsalak direla, leku guztietan berdin esaten dugula «asko», «dirua» edo «nekea». Eta ez da horrela. Egia esan keinu gutxi dira unibertsalak, keinuak kulturalak direlako, eta kultura bakoitzak beraren adierazpena sortu duelako. «Bai» eta «ez» esateko keinuak ere ez dira igualak leku guztietan. Gure eremuan «bai» esateko burua goitik behera mugitzen dugun bitartean, eta «ez» esateko ezker-eskuin, herri batzuek juxtu-juxtu alderantziz egiten dute.
Guk «asko» esaten dugunean, esku bietako hatzamarrak baturik, gora begira eta aurrera-atzera mugitzen ditugunean, Italian ulertzen dute «baina zertan ari zara, mamma mia!». Keinu gutxi ulertzen dira berdin edonon: jan, edan, lo, eta sexualitatearekin zerikusi dutenak esaterako. Horiek keinuak oso hedatuta daude globoan, baina ez dira guztiz-guztiz unibertsalak, unibertsalizatu diren arren.
Hasieran esan dugu, ordea, ahotsik entzun gabe jakin genezakeela nolakoa pertsona dugun aurrean, zein jarrera duen munduarekiko eta besteekiko, komunikatzeko ahalegina egingo duen ala ez. Eta hala da. Bere hizkuntza tutik ere ulertzen gabe intuizioak esaten digu aurrean duguna gure sintonia berean dagoen. Ikusiko dugu nola irribarreak argitzen dion aurpegia edo betarte goibelak iluntzen dion. Atzemango dugu zer nolako begirada duen, distiratsua edo kamutsa, begietara begiratzen digun edo lurrera, jakinmina duen edo asperdura.
Hitzak batetik eta ez-berbazko lengoaia bestetik doazenean ordea, keinuek adierazten dutenari egiten diot jaramon gehien. Fidatzekoagoa iruditzen zait begiraden eta eskuen mintzaira diskurtsua baino. Ez naiz fido diskurtsuekin, erraz ezkuta dezaketelako gezurra, esku baten presioak edo besarkadaren intentsitateak baino.
Pertsonok belarri atzean botoi bat eduki beharko genuke, eta esan nahi dutena jakin nahi dugunean, switch off egin eta soinua kendu.