GARA > Idatzia > Gutunak

Aitor Duñabeitia Durango

Guardia Zibilarenak

Jendaurrean salatu nahi ditut Guardia Zibilaren jokaerak. Uztailaren 12an Durangotik Gasteizerantz autoz nindoala, aipatu GAR Ekintza Azkarreko Taldeak Legutianoko bidegurutzean ezarritako kontrol batean geldiarazi ninduen. Baziren zortzi bat edonorako ibilgailu eta armadun asko. Luzaroan atxiki ninduten neure ibilgailutik hamabost bat metrora; bitartean, autoa miatu zuten, eta nire identitatea egiaztatu behar izan omen zuten. Zain nengoela eta autoa zegoen lekurantz begira, era oso zakarrean, eta armatuta, militarretako batek galdetu zidan, oihuka, norantz begira ote nengoen, eta muino batean zen argindar-poste baterantz begiratzeko agindu, eta inondik inora ez begiratzeko berriro bere aurpegiari. Logikoa denez, beldur izan nintzen. Beste guardia zibil batek hainbat galdera pertsonal egin zizkidan, ikasketen, lanen eta senideen ingurukoak. Teoria-mailan halakoak erantzutera behartuta ez bagaude ere, prestutasunez erantzun nuen, ezkutatzeko ezer ez dudala agerian uzteko helburuz. Dena dela, galdetu nion ea zergatik egiten zizkidan halako galderak. Orduan, lehergailuak nortzuk ipintzen dituzten ote dakidan egin zidan galde, esan guran, horiek bereizteko zer egin behar den eurek ondo dakitela, eta, beraz, lekuz kanpo zegoela neure azalpen eskea.

Neure ikasketen eta lanen nondik norakoez ez eze, senideen lanbideez, lantokiez eta izaerez galdetu zidan. Euskal Filologia ikaskuntza arautua ote den galdetu zidan, eta noiztik. Ikasketok ezertarako balio ez dutela adierazi nahi izan zidan, eta seme-alabak eta etxea dudanean jakingo dudala zer den ona. Bestalde, Gasteizen ikusi behar nuen neska ea neska-laguna zen edo berari zirri egiteko eskubidea ote dudan galdetu zidan; hala ez zela esatera mugatu nintzen; guardia zibilak, nire ustez, bazuen neure sexu orientazioa dela-eta zirikatzeko asmoa. Teoriazko demokrazian beharrean, benetakoan bagina, ez genuke horiek guztiak jasan beharrik izango eta indar armatuetako kideekin, hartu-emanik izatekotan, beldurrik gabe euskaraz berba egin ahal izango genuke. Halako operazioak beldurra eragiteko direla argi daukat. Kontrolak iraun zuen bitartean beste inor ez zuten geldiarazi. Alde egiten utzi nindutenean eurek ere hanka egin zuten. Ez dakit ohikoa den ibilgailu bakarra geraraztea. Uste dut izan litekeela herritarra beldurtzeko eta kikiltzeko.

Urtarrilaren 21ean ere geldiarazi nindutela salatu gura dut. Ez zegoen kontrolik, lagun batekin Lekeitiorantz nindoala, jarraika izan genuen Guardia Zibilaren noranahiko bat, harik eta Berriz parean aurreratu eta gelditzeko eskatu arte. Orduan ere autoa eta gauzak ondotxo miatu eta galdera pertsonalak egin zizkidaten, azkenaldian baino era gizalegezkoago batean, dena dela. Neure lagunari nortasun agiriaz gain besterik ez zioten eskatu. Besteak beste, Frantziara eta Gasteiza sarri ote nindoan galdetu zidaten eta kontua da bezperan Frantzian ez, baina bai Frantziaren mendeko euskal lurretan izan nintzela. Bada, beldurra eragitea lortzen badute ere, ez naute kikilduko; izan ere, erasoak eraso, «susmagarri» izaten jarraitzeko asmo sendoa daukat: euskarari eta euskararen herriari eutsi egingo diet eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo