GARA > Idatzia > Ikusmira

Etxe eta lantokiaren arteko ibilbide arriskutsua

Carrefourrek Vianan duen saltokian lan egiten zuen Leire Nuñezek. 18 urte zituen eta Oionen bizi zen. Egunero lanera joateko motoz zeharkatzen zuen errepidean hil zen. Langile gaztearen heriotzari beste bi gehitu behar zaizkio: astelehenean Gasteizko La Fortaleza enpresan langile bat hilik agertu baitzen eta, atzo, Berantevillako industrialdean garraiolari bat hil zen. Nuñezek izandako «in intinere» istripu mota gero eta maizago gertatzen da. Bistan da azken urteotan asko hedatu dela garraio partikularra, eta horrek ahalbidetu duela lantokitik urrunago bizitzea. Distantzia jada ez da kilometroetan neurtzen, denboran baizik eta, ondorioz, orain dela urte batzuk «erokeria» zirudiena, demagun egunero lantokiaren eta etxearen artean 60-70 kilometrotik goiti egitea, egun «normala» iruditzen zaigu. Izan ere, gutxi batzuentzat hautua izan daitekeena -«abiaduraren aroak» eskaintzen dituen abantailak aprobetxatuz amestutako herrian edo urruneko parajean bizitzea- beste askorentzat behartutako erabakia da. Langileen mugikortasuna asko handitu da, besteren artean lan merkatuak eta etxebizitzen prezioak hala agintzen dutelako. Lantokiak -saltoki edo aisialdiguneak bezala- herrietatik kanpo jarri dituzte, baina garraio publikoa falta denez, langileari dagokio etxetik lanerako bideko arriskuak bizkar gainean hartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo