GARA > Idatzia > Herri-kirolak

«Azken urte hauetako finalik estuena izango delakoan nago»

Jexuxmari ORMAETXEA

Segalaria

Jexuxmari Ormaetxea ere igandean Pikoketan izango da. Orendaingoak aurten bi kirol egin ditu. Aizkoran hasi zen, eta kirol horretan jokatu zuen lehen apustua irabazi egin zuen. Gero, bere betiko kirolera itzuli zen, segara, eta hor ere txapelen bat jantzita amaitu nahiko lituzke lehiaketak. Baina aizkora ere ez du bazterrean utzi nahi, eta aurrera jarraitzeko asmoa dauka.

Jon LEUNDA |

Ormaetxea prest dago igandean Pikoketan jokatuko den finalerako. Berarentzat denboraldia oso luzea ari da izaten, baina txapela irabazteko ahalegin guztia egingo du.

Zer moduz zaude?

Nahiko ongi nago. Ahalik eta ongien prestatzen aritu naiz, eta finalerako gogoz nago.

Zure aurkariak nola ikusten dituzu?

Oso ongi. Iruditzen zait azken urte hauetako finalik estuena izango dela. Lapazaran oso ongi dago, baita Goikoetxea ere. Horri hasieran erritmoa hartzea kostatzen zaio, baina hartzen duenean, gero hari jarraitzea oso zail egiten da. Gabirondo bera ere ikusgarri dago. Gainera, besteek baino eskarmentu handiagoa dauka hark, eta sega gehiago aprobetxatzen du. Oso final estua izango delakoan nago.

Denboraldi hasiera oso ona izan zenuen, baina Gipuzkoako finalean ez zinen ongi aritu.

Horrela da. Egia esan, Larraitz ez da ongi doakidan leku bat. Etxetik oso gertu daukat, eta horrek urduriago jartzen nau. Orduan, gainera, faborito ere banintzen, eta ez zidan mesederik egin. Bestela ere, neure burua ez dut ikusten punta-puntan. Aizkorako apustu bat ere egin nuen, eta hura prestatzen azaroan hasi nintzen. Gero presaka hasi nintzen segan, eta agian denen eragina jasotzen ari naiz.

Pikoketan zer moduz moldatzen zara?

Finalerdietan bakarrik aritu naiz han, eta ez nintzen haserre geratu. Leku ona da, eta belarra ere ona dago. Uste dut kilo asko moztuko direla. Belardiak eta belarrak ez dut uste inongo aitzakiarik izango dutenik.

Iaz min hartuta egon zinen, eta ezin izan zenuen parte hartu. Urtebeteko geldialdi hori nabaritu al duzu?

Bai, bai, nabaritzen da. Urtebetean geldirik egote hori beti nabaritzen da; beti kostatzen da tamaina hartzea.

Igandekoarekin amaituko al du Ormaetxeak denboraldia?

Ez dakit. Saio txarra egiten badut, segan, behintzat, hor amaituko dela uste dut. Ongi ateratzen bada, eta desafioren bat etorriko balitz, ikusiko genuke. Bestetik, aizkoran ere aurten hasia naiz, eta hor jarraitu nahi dut. Etxean egurra badaukat, eta horrekin jarraitu nahiko nuke aurrera.

Beraz, urtea amaitu baino lehen zu beste apusturen batean ikustea ez litzateke ezustea izango, ezta?

Ez dakit, orain daukat horrelakoak egiteko adina, eta aprobetxatu egin behar da. Aizkoran ere jarraitzeko asmoa daukat. Behin txarrena pasatuz gero, ez dago uzterik. Ez da erraza aizkora eta sega uztartzea. Biak oso ezberdinak dira, eta kosta egiten da biak batera eramatea, baina gustuko ditut, eta jarraitu nahi nuke. Ez dut aizkora apirileko apustu hura bakarrik izatea nahi. Lehen esan bezala, norbaitek desafioren bat botako balida, entzun, behintzat, egingo nioke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo