Euskal Herria Zuzenean jaialdiak etorkizunari buruzko gogoeta erabakigarria eginen du irailean
EHZk aurten iaz baino ikusle gutxiago izan dituenez, antolatzaileek jaialdiaren etorkizuna zehazteko bilkura publikoa antolatu dute irailaren 8an. Laguntzari esker aurrekontua betetzea lortuko da.
Idoia ERASO | BAIONA
«Aurtengoan, jaialdian parte hartu duten talde eta hornitzaile gehienek prezioa apaltzeko egin duten indarrari esker hamabigarren edizioaren aurrekontua beteko da», jakinarazi zuen makrojaialdiaren antolatzaile taldeak. Arazoa larria da: ikuslegoaren beherakada nabarmena izan du aurten Idauze-Mendin ekainaren bukaeran eta uztailaren lehen egunean iragan zen jaialdiak. Aurreko urtean, jaialdiak izan zuen ikuslegoari begiratuta, hamabigarren edizio honetarako 18.000 pertsona espero ziren eta 15.000 besterik ez ziren Zuberora hurbildu.
Aurreikuspenak bete ez badira ere, jaialdiko parte hartzaileen laguntzari esker «zulo ekonomikorik» ez izatea lortu dute aurten. Aldi berean, Idauze-Mendin espero baino jende gutxiago egon bada ere, beste urteetan baino gehiago kontsumitu dutela nabarmendu zuten antolatzaileek.
Bilkura publikoa
Egoera kontuan izanda, «jaialdiaren etorkizunari buruzko gogoeta bat egitea ezinbestekoa da eta hainbat galderari erantzun beharrean gaude», azaldu zuten EHZko antolatzaileek. Horretarako biltzar nagusia antolatu dute irailaren 8rako Hazparneko Xuriatean. Bilkura horretara jaialdiarekiko interesa edo nolabaiteko lotura duten pertsona guztiak gonbidatuak dira.
Jaialdiaren etorkizuna iraileko biltzarrean parte hartuko duten pertsonen eskuetan egongo da. Hainbat gai jorratuko dira bertan. Lehenik eta behin, jaialdiak aurrera jarraitu behar duen edo bertan behera utzi beharko litzateken erabakiko da. Aurrera jarraitzekotan, finantziaketa berriak bilatu beharko liratekeen eta horiek zein helbururekin egin beharko liratekeen aztertu beharko dute Hazparnen bildutakoek.
Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren eredua ere berraztertu beharra dagoela deliberatu dute jaialdia aurrera ateratzen duten boluntarioek. Maila honetan, beharbada, erabakirik garrantzitsuena kokalekuaren inguruan hartu beharrekoa da. Izan ere, duela lau urte jaialdiak Arrosako lurraldeak utzi eta Idauze-Mendira joatea erabaki zutenetik ikusleen kopuruaren beherakada nabarmena izan da. Bestalde, Zuberoko lurretan bai erakundeen aldetik, baita biztanleenetik harrera oso ona jaso du makrojaialdiak. Aldi berean, ekitaldia egiten den lurretako jabeekin sinatu hitzarmenak bi urte gehiago iraunen du.
Jadanik, ereduan aldaketa nabarmena jasan zuen iazko edizioak, ekitaldi gutxiago baina azkarragoak egitearena, eta aldi berean mugimendu alternatiboei toki handiagoa ematea; horren gainean ere gogoeta egin beharko da.
Mota horretako ekimenen aurrekontuaren %20 erakundeek diruz laguntzen duten arren, EHZ jaialdiaren gastuen %4 besterik ez dute estaltzen diru-laguntzek. Ekitaldiko presidente Patxi Tikoiperen esanetan, erakundeen ekarpena beste ekitaldien mailakoa izanen balitz, arazoa konpondua legoke.
Kontseilu Nagusiak bigarren aldiz diru-laguntza atzera bota du azken momentuan. Iaz, ekarpen ekonomikoa kendu eta gero, aurten erakundeko kontseilariek laguntza berrituko zutela hitz eman bazuten ere, arrazoi «politikoak» zirela medio azken momentuan atzera bota zuten.
I. E.