Euskararen politika integral bat garatzeko eskatu die EAE-ANVk Arabako erakundeei
Egun gutxi barru ahaldun nagusia aukeratu eta, ondoren, Aldundiko Sailak osatuko direla ikusita, EAE-ANVk Aldundian Euskara Saila eta Biltzar Nagusietan Euskara Batzordea sortzeko eskatu du, besteren artean.
Iker BIZKARGUENAGA |
Araban «benetako aldaketa politikoa» gauzatzea du xede EAE-ANVko Biltzar Nagusietako taldeak eta, bide horretan, euskararen aldeko ekimena aurkeztu zuten atzo Alaitz Etxebarria eta Beñat Mendiguren biltzarkide abertzaleek.
Prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, «azken hamarkada hauetan Aldundian egon diren gobernuek ez dute euskara politikarik izan, ez diote euskarari erreparatu ere egin». «Ez dute euskararekiko neurri bakar bat ere hartu», salatu zuen, ildo horretan, Etxebarriak, eta gaineratu zuen «Arabako jendartea, herria, taldeak» izan direla euskararen alde aritu direnak.
Hala, EAE-ANVren iritziz, «ez EAJk ezta PPk ere, ez dute euskararen aldeko politika aktiborik sustatu» eta, horregatik, «neurri zehatzak planteatzen dituen ekimena» aurkeztu zuten.
Mendigurenek eman zituen ekimenaren argibideak eta nabarmendu zuen Arabako instituzioek «politika integral bat» garatu behar dutela herrialde osoan, eta, noski, baita Biltzar Nagusiek eta Aldundiak ere. Talde abertzalearen aburuz, instituzio horiek guztiek «euskararen normalizazioa bultzatuko duen hizkuntza politika» sustatu beharko lukete.
Mozioa Biltzar Nagusietan
Helburu hori lortzearren, EAE-ANVk irizten dio «lehen urratsa» dela Biltzar Nagusietan euskara arloko Batzorde bat eratzea eta, neurri berean, Arabako Aldundian Euskara Saila sortzea. Betiere, gainerako arloetatik bereizita.
Izan ere, gaur egun, euskara arloa, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailaren barruan kokatua dago. Horrekin batera, batzorde eta sail horiei «beharrezkoak dituzten bitarteko eta baliabide guztiak» eskaintzeko galdegin zuten bi biltzarkideek.
Bide horretan, atzo bertan mozioa sartu zuen talde abertzaleak Biltzar Nagusietan. Mozioan eskatzen dute, Araudiaren 55. artikuluak esaten duena aintzat hartuta, instituzio horretan batzordeak eratzean «euskarak berezko batzorde bat izatea, hau da, Euskara Batzordea eratzea».
Horrekin batera, «Arabako Biltzar Nagusietan Euskara Batzordea eratzea aurreikus dezan», EAE-ANVk bere proposamenean galdegiten du mozioa hilaren 26an aukeratuko den ahaldun nagusiari helaraztea, «horrela, diputatuak izendatzeko zein Aldundiko Sailak antolatzeko orduan Euskara Saila sortu eta Euskara diputatua izendatzeko aukera azter dezan».
«Tresna hauen bidez, euskararen aldeko politika aktiboa sustatu behar da, besteren artean, Arabako Aldundiak III. Plangintzaldirako onartua duen euskararen erabilera normalizatzeko plana benetan gauza dadin», aipatu zuen Mendiguren biltzarkideak, legedi espainolak legez kanpo utzitako Aiarako hautagaitzako kideak. Gogoratu zuen, alde horretatik, aipatu plana 5/2005 Foru Dekretuaren bidez onartua dagoela.
Eledun abertzaleak gaineratu zuen ekimen hau «helduen euskalduntze eta alfabetatzea bultzatzeko tresna» bilaka daitekeela, baita «euskara dakitenen erabilera Araba osoan bermatzeko» lanabesa ere.
Aurkeztutako proposamenarekin, EAE-ANVk Aldundirako hautagaiei ere «eskaera zehatza» egin nahi izan die: «euskararen alde zerbait egiteko prest badaude, orain dute aukera, eta orain egin dezatela, legealdi hasieran, alegia».
Arabako EAE-ANVk aurkeztutako proposamenean elkarte zein udalei euskara bultzatzeko eskaintzen zaizkien diru-laguntzen zenbatekoak handitzeko eskatzen da, besteren artean.
Biltzarkide abertzaleen aburuz, «ez dago aitzakiarik» atzo aurkeztutako ekimenari ezetz esateko, «Araban bizi garen 99.765 euskaldunok ez dugu gutxiago merezi-eta».