GARA > Idatzia > Real Sociedad

2007/08ko denboraldia

Garitano: «'Reala' izenak ez du punturik ematen»

Erdilari bizkaitarra taldeko beteranoen artean dago, baina Mikel Aranbururen gain utziko du kapitain ardura

p042_f01_097x096.jpg

GARA | DONOSTIA

Hirugarren entrenamendu saioa egin zuen Realak atzo Zubietan. Orain arte talde txuri-urdinak egin duen moduan, saio bikoitza egin behar izan zuen Chris Colemanek gidatzen duen taldeak. Galestarrak baloiari eman zion garrantzia eta jokalariek hainbat partidatxo jokatu ahal izan zituzten.

Ordu eta erdiko iraupena izan zuen goizeko entrenamenduak eta, amaieran, Gaizka Garitano eta Asier Riesgo izan ziren protagonistak Zubietako prentsaurreko aretoan.

Bigarren Mailan aditua den jokalaria izanda, bere sentsazioak erakutsi zituen Garitanok. «Urte ugari pasa izan ditut Bigarren Mailan eta ondo baino hobeto ezagutzen dut kategoria. Moldatu behar gara, han ez dutelako ezer oparitzen», aditzera eman zuen bizkaitarrak.

«Ezberdinak dira aurkariak: historia gutxiago daukate, kalitate eta glamour gutxiago. Gogorra izango da, batez ere zaletuarentzat, ohiturik egongo ez delako. Baina errealitatea hori da, eta ni behintzat Castellonen kontra hasiko garela mentalizaturik nago. Bigarren maila naturaltasunez hartu behar dugu eta Reala Lehen Mailakoa dela ahaztu gabe borrokan sartu», azaldu zuen Garitanok. «Hori bai, Real Sociedad izenak ez dizu puntu bat bera ere ematen. Hori zelai gainean baino ez da lortzen», azpimarratu zuen.

«Taldea ona izatea oinarrizkoa da. Bigarren Mailatik igotzea Lehen Mailan mantentzea baino zailagoa dela frogatuta dago», adierazi zuen.

Kapitaina

Nahiz eta Gaizka Garitano beteranoen artean egon, aurtengo kapitaina Mikel Aranburuk izan behar duela adierazi zuen atzoko prentsaurrekoan bizkaitarrak. «Kapitaina Mikel Aranburuk izan behar du, hemen urte gehien daramana delako. Egia da hogei jokalari baino gehiago garela, eta gehienak oso gazteak. Beraz, beteranoen eginkizuna egin beharko dut: dakidana erakustea».

Chris Colemanen inguruan ere hitz egin zuen erdilariak. «Goizegi da ezer esateko. Orain arte ikusi ditudan beste entrenatzaile batzuek duten metodoekin konparatuta, Colemanenak oso berdintsuak dira eta aldeak aurrerago nabarituko dira, hasi berriak garelako. Oraindik ez dugu entrenatzailea gehiegi ezagutzen eta, momentuz, hizkuntzaren oztopoa ere badago. Baina, oraingoz, lehen itxura ona da», adierazi zuen Garitanok.

Entrenatzailea Galeskoa bada ere, futbol landua nahi duela aipatu zuen bizkaitarrak, eta ez Britania Handian erabili ohi den baloi luzea eta futbol fisikoa. «Beste entrenatzaileek ere horrelakoren bat nahi zuten, baina hiru egun baino ez daramagu eta hori lehiaketa aurrera joan ahala ikusiko da».

Asier Riesgo postu bat lortzeko lehiatuko da

Asier Riesgo izan zen atzoko bigarren protagonista. Titular izan nahi du debarrak: «Guztiok jokatu nahi dugu. Bravo neurketa gehienetan titular izan arren, pasa den denboraldi hasieran jokatu nuen eta, zorionez, bukaeran ere bai», gogorarazi zuen. «Beraz, aurtengo txapelketa berdintsua izango da zentzu horretan: postu bat lortzeko lehiatuko gara», gehitu zuen atezainak.

«Oraingoz, Bravo hemen dago eta berarekin jokatu ez nuela begi-bistan dago. Baina, edozein kasutan, berarekin borrokatuko dugu, edo beste batekin. Gure balioa erakutsi behar diogu entrenatzaileari».

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo