GARA > Idatzia > Euskal Herria

UEU-ren udako ikastaroak lizarrara heldu dira atzera begiratua emateko

Udako Euskal Unibertsitateak udako ikastaroen 35. edizioa ospatzen du aurten, eta lehen aldia da denbora horretan guztian unibertsitate mailako euskarazko irakaskuntza Iruñeaz kanpoko beste hiri nafar batera joaten dena. Hiru hitzaldi antolatu dituzte Lizarran.

Iker IRIARTE

Uztailaren 16an hasi ziren UEUk Nafarroan antolatu dituen udako ikastaroak. Garaiak aldatuz doazela-eta, ikastarook ere horiekin batera egin dute aurrera, eta hainbat berrikuntzarekin etorri dira. Horietako nagusia, agian, 25 urtez UEUren egoitza izan den Larraona ikastetxea alde batera utzi eta euskal unibertsitateko zuzendari Lore Erriondoren hitzetan «Iruñeko bihotzera» etorri izana da.

Hala ere, bada beste berrikuntza bat ere kokalekuarekin lotuta: 35 urteko bere historian lehenengo aldiz iritsi baitira UEUko udako ikastaroak Iruñea ez den Nafarroako beste hiri edo herri batera. Horretarako aukeratua Lizarra izan da, eta modu honetan azaldu zuen erabakiaren zergatia Iruñeko udako ikastaroen arduradun Saioa Jaimek jardunaldien aurkezpenean: «Duela zenbait urtetik dabil Lizarrako Udala ikastaroak bertara eramateko eskaintza egiten». Aurreko urteetan, UEUk Iruñea «baztertzea» ez zuela «egokia» ikusten adierazi zuen, baina aurten, egoera aldatu dela eta biak «konbinatzea» posible izan dela argitu zuen. Helburua, «hiriburua ahaztu gabe euskarazko irakaskuntza unibertsitarioa beste leku batzuetara zabaltzea eta zenbait lurraldetan suspertzea» dela ere adierazi zuen. Gainera, Lizarrako Udalak ekimen honi babes handia eman diola eta bitartekoak ere jarri dituela azaldu zuen eta, era berean, bertako euskalgintzak ere «oso harrera ona egin diola».

Iraganari begira

Guztira hiru hitzaldi antolatu ditu UEUk Lizarran, uztailaren 17an lehena eta gaur azkena. Guztiak doakoak izateaz gain, batzen dituen ezaugarri nagusia dute: bertaratzen direnak aitzinera begira jartzen dituztela.

Lehenengo hitzaldia Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikel Errazkinek eman zuena izan zen, «Gerra zibileko fusilatuen oroimena» izenburukoa. Hizlariak, 5.500 bat euskal herritarren gorpuak oraindik ere berreskuratu gabe daudela gogoratu zuen -garaiko Euskal Herriko biztanleriaren %0,5 gutxi-gorabehera-, eta Nafarroan, adibidez, 3.500 lagun inguru fusilatu zituztela.

Dena den, ziurtatu zuen Errazkinek inolako ezbairik gabe, «emakumeak izan ziren Gerra Zibila eta ahanztura bereziki sufritu zituztenak», Aranzadiko kidearen arabera, emakumeek Errepublikak onartutako eskubideak galdu baitzituzten: «Jarduteko gaitasuna, boto eskubidea, dibortziorakoa eta amatasunetik bizitza zibilera ekarri zituzten gainerakoak», aipatu zuen. Gerran parte hartzera behartzeaz gain, zigortu, epaitu, espetxeratu eta umiliatu ere egin zituztela gogoratu zuen. «Espetxe barruan izandako umea kendu eta haurrik izan ezin zuten erreketeei ematen zieteneko hainbat kasu ere dokumentatu dira», salatu zuen Errazkinek.

Atzo, berriz, Joseba Astiron izan zen hizlari, eta Nafarroako gazteluez aritu zen, «baina zentzu historikoan», argitu zuen, «Sonsierrako San Vicenteko gaztelua, egun Errioxan egon arren, Erriberrikoa bezain nafarra baita». Honek, nafar gazteluen inguruko historiografia eta gazteluak eurak ere «erabat ahaztuta» egon direla zehaztu zuen, horien mantenua eta, askotan, lokalizazio eza kontuan hartuta. «Europa osoan» ari dira halakoak zaharberritzen, kexatu zen. Horri dagokionez, gazteluen berreskurapenaren alde sortu den Jeiki elkarteko kide honek 2012rako -Nafarroaren konkistaren urteurrena- nafar gaztelu asko zaharberritu eta beste asko topatzeko helburua dutela azaldu zuen. «Zergatik ez sortu Tiebasen edo Martzillan nafar gazteluen interpretazio gune bat?», galdetu zuen.

Azken hitzaldia, berriz, gaurkoa izango da -aurrekoak bezala, Lizarrako kultur etxean, 16.00etan-. Bertan, Ibon Egaña eta Markos Zapiainek euskal gatazkak euskal literaturan duen presentziaz jardungo dute UEUk aurten argitaratu duen «Maldetan sagarrak» liburua oinarri eta izenburutzat hartuta.

«KONBINAKETA»

Udalak ikastaroak Lizarrara eramatea aspaldi eskaini zuen arren, lehenago ez zen «egokitzat jo» Iruñea uztea. Aurten, ordea, biak «konbinatu» dituztela azaldu zuen Saioa Jaimek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo