Lehendabiziko Cro-Magnongo gizakiak ulertzeko gakoa, Izturitzeko harpeetan
zken hamar urteetan Izturitzeko harpeak miatu eta miatu dabiltza hainbat ikasle eta zientzialari. Miaketako emaitzen arabera, Izturitzeko harpeek balio arkeologiko handia dute. Neanderthalgo eta Cro-Magnongo gizakien arteko txandakatze garaia hobeto ulertzeko Europako gune arkeologiko garrantzitsuena da Izturitzekoa. A
Eneritz ZABALETA
Historiaurreko ikertzaile guztientzat, Kristo aitzineko 40000 eta 30000 urte arteko garaia misterio hutsa da. Garai horretan, Neanderthalgo gizakia desagertu zen, eta haren lekua Cro-Magnongoak hartu zuen. Neanderthaleko eta Cro-Magnongo gizakien arteko errelebo horrek sortzen du arazo handien. Elkarrekin bizi ziren edo Neanderthalgo gizakia desagertu eta Cro-Magnongoa agertu artean urte batzuk pasatu ziren? Zergatik desagertu ziren Neanderthal garaikoak? Nola hedatu ziren Cro-Magnongo gizakiak?
Bada, Izturitzeko harpe-zuloetan, galdera horiei guztiei erantzun bat bilatzen hasteko moduko aztarnak daude. Munduko Historiaurrea zientziako galdera garrantzitsuenetarikoen erantzunak Euskal Herrian egon daitezke. Hori erakusten dute, behintzat, 1999tik, Izturitzeko harpeetan, Christian Normanden gidaritzapean egindako miaketa lanek. Akitaniako arkeologia zerbitzuan lan egiten du Normandek, eta orain hamar urte hark bultzatutako ekimen bati esker, mundu osoko hainbat zientzialarik miaketak abiatu zituzten. Helburua lehen CroMagnongo gizakiak hobeto ezagutzea zen. Zortzi urte ez dira alferrik joan, eta ikerketetan atzemandako aztarna arkeologikoen arabera, Izturitzeko harpeek nazioarteko arkeologian garrantzi handia dute.
2.500 metro koadro ikertzeko
Christian Normanden hitzetaan, Izturitzekoa Europako arkeologia gune «handi» eta «garrantzitsuena» da, Neander- thalgo eta Cro-Magnongo gizakien bizikidetzari dagokionez. «Izturitzeko gisako harpe handiei `supergune' deitzen zaie. Supergune horietan, urtearen buruan 10-15 laguneko talde txikiak elkartzen ziren, janari erreserbak egiteko, informazioak trukatzeko eta emazteak ezagutuz endogamia saihesteko», esan zuen. Horrelako harpe-zulo handietan hamarnaka Cro-Magnongo gizaki biltzen zirela jakina da, Izturitzen zenbat zehazki biltzen ziren jakitea ezinezkoa bada ere. Lekua nahiko eta sobera zuten Izturitzen. «Harpeak 2.500 metro koadroko eremua hartzen du, eta horietatik 1.000 okupatu zituen CroMagnongo gizakiak», azaldu zigun Normandek.
Harpearen tamainak eta supergunea izanik bildutako Cro-Magnongo gizakien kopuruak aztarna anitz utzi dizkiete ikertzaileei. Aztarna horiei esker, lehen Cro-Magnongo gizakien bizimoduaren berri izateko aukera izan dute. Hala, Kristo aitzineko 37000. urtean iritsitako lehendabiziko Cro-Magnongo gizaki horiek nomadak zirela argi utzi dute Izturitzen eginiko ikerketek: «Izturitzen Cro-Magnongo gizakiek bi hilabete pasatzen zituzten gutxi gorabehera, hilabete beroak iristen zirenean. Eskualdean barna, zaldi eta elur-orein anitz pasatzen zen. Harpe-zulo hauek ehiza handiak egin eta janari erreserbak osatzeko erabiltzen zituzten».
Nomada izatea Neanderthalgo gizakiarekiko desberdintasun garrantzitsua da. Cro-Magnongo gizaki horiek Pirinio mendebaldeko eskualdea eta Kantabriako kosta bitarteko gunea zeharkatzen zuten, Ebroko haranetik pasatuta. Izturitzen, erraterako, Kantabriako kostatik etorri txirlak atzeman dira. Bizkaiko Santimamiñe harpe-zuloen eta Izturitzekoen artean ere antzekotasunak aurkitu dira, eta Cro-Magnongo gizakiak eskualde osoan egin ibilbidea identifikatzeko balio izan dute.
Sinbolismoa eta lan antolaketa
Bestetik, Izturitzen atzeman aztarnek lehen Cro-Magnongo gizakien sinbolismoa garatuta zegoela frogatu dute. Lehenengo bitxi gisara, Kantabriako kostako txirlak erabiltzen zituzten, baina fite garatu zuten bitxigintza Cro-Magnongo gizakiek Normanden arabera: «Harpe-zuloetan anbar-hareaz eginiko bitxi anitz topatu ditugu. (Izturitzen) munduan inoiz topatu den anbar-hareaz eginiko gailu zaharrena atzeman dugu: 4 cm-ko bitxi bat». Animalien hezurrak ere baliatzen zituzten Cro-Magnongo gizakiek, besteren artean, musika tresnak eraikitzeko: «Txirulak topatu ditugu hezurrez eginak. Lehendabiziko Cro-Magnon gizakien garaiko sai hezur bat ere topatu dugu. Badi- rudi txirula bat egiteko prestatzen ari zen hezur zati bat dela».
Izturitzeko aztarnek Cro-Magnongo gizakiek harpeak nola antolatzen zituzten erakutsi dute: «Harpea guneka bereizia zuten. Gune anitzetan, jarduera jakin batzuetarako balio zuten tresnak topatu ditugu. Harpea lantegi txikika antolatua zuten. Erraterako, miatzen ari garen gunean animalien larruak lantzen zituzten. Beste batean silexarekin tresnak egiten zituzten. Hirugarrena haragia ebaki eta kontserbatzeko erabilia zen. Espazioaren antolaketa horrek anitz bereizten ditu Cro-Magnongo eta Neanderthalgo gizakiak».
20 ikasle eta 32 ikertzaile
Lehen Cro-Magnongo gizakien bizimodua gero eta hobeto ezagutzea ahalbidetzen duen altxorra da harpea. Baina altxorra azaleratzeko lanean dabiltza urterik urte 20 arkeologia ikasle 32 zientzialariren laguntzarekin. Ikerketak bi fase ditu. Lehenik, urtero, ekainetik uztail arte, 20 bat ikasle harpeak miatzera etortzen dira. Ikasle gehienak Euskal Herriko eta Estatu frantsesekoak izanik ere, atzerritik etortzen dira zenbait. Hala nola Kanadatik, Errusiatik edo AEBetatik jin ikasleak lanean ari dira aurten. Bilatze lanak oparoak izan dira, 3 zentimetroz gorako 15.000 bat tresna topatu baitituzte ikasleok. Erregai gisa erabili hezurduren hautsen zama, berriz, tona batera iristen da.
Miaketen emaitza zientzialariek kudeatzen dute ondoren. Lehenik, atzemandakoak sailkatu eta sail bakoitzeko ikertzaile arduradunari banatzen zaizkio. Aurkikuntzak silex, fauna eta mikrofauna sailetan banatzen dira. Banaketak egindakoan, zientzilariek tresnak aztertzen dituzte, Cro-Magnongo gizakiaren bizimoduari buruz xehetasunak topatzeko.
Ikerketak emaitza polita utzi ohi du, urtero zientzia topaketa handi batean ematen baitute Izturitzeko aurkikuntzen berri. Iaz, Lisboako arkeologia mintegi batean plazaratu zuten ikertzaileek emaitza. Cro-Magnongo gizakiari buruzko miaketa zikloa hemendik bi urtera egingo dute, eta ikertzaileen asmoa etorkizunerako zientzialariei bilaketa gehiago egiteko tartea uztea da.
Un equipo de la UPV-EHU ha descubierto en Trebiñu un enterramiento que corresponde a un rito funerario hasta ahora no descrito en Euskal Herria. En la excavación del túmulo neolítico de San Quílez (Sanmartinzar), con unos 5.000 años de antigüedad, se han hallado restos de ocho individuos. Los cuerpos fueron enterrados previamente en otro lugar para, una vez descarnados, trasladar algunas de sus partes al túmulo.
GARA
Los trabajos de la duodécima campaña de excavaciones en la cueva de Lezetxiki (Arrasate), dirigidos por los arqueólogos María José Iriarte y Álvaro Arrizabalaga, han dado como fruto hallazgos sensiblemente más antiguos de los encontrados el año anterior. Los investigadores anuncian que estas novedades -cuyos detalles se darán a conocer hoy- pueden calificarse como unas de las más ricas de la Prehistoria de Euskal Herria.
GARA