KANPOTIK
Ideiak garbi
Gaizka LASA (Karpin-Galicia)
Txirrindulari bakoitzak bere helburuak izaten ditu eta sufritzeko egunak ere aukeratu ahal izaten ditu batzuetan. Azkenengo egunotan Contadorren, Mayoren, Valverderen eta gainontzekoen lan ona nabarmentzen jardun gara, baina gizon horiek aurreko borrokan jo eta su ibili diren bitartean, ziur nago Cedric Vasseur tropeleko azken bagoian ibiliko zela kalkulagailua aterata. Ahalik eta indar txikiena xahutzea izango zuen helburu, eta Marseillako etapa behin eta berriro buruan bueltaka.
Hala ere, argi dago Alpeetako etapetan asko sufrituko zuela eta bere gorputzak nahiago izango zuela atzoko etapa atsedenerako hartu beste txirrindulari askok bezalatsu. Baina ez. Ideiak garbi edukita, eta lana beltz eginda, ihesaldian sartu zen. Hanketako minak ahaztu eta aspalditik buruan ibiliko zuen etapa garaipen horren bila itsu-itsuan joateko gai izan zen. Joan bakarrik ez, baita lortu ere.
Horixe da txirrindulari handi horien beste ezaugarrietako bat. Egun bat hartu, etapa bat hartu, eta helburua lortzeko gai izatea. Ziur nago Vasseur bezala pentsatzen zuen txirrindulari asko izango zela atzoko irteeran, baina azkenean ihesaldian sartzea oso garestia izaten da. Bada, Cedric Vasseur alde psikologikoa eta alde fisikoa, nahia eta ahala, batzeko gai izan zen eta Marseillako helmugan lehen postuan sartu zen.
Baina berriz diot. Nik atzokoa ikusita ideiak garbi izatearen garrantzia nabarmenduko nuke. Zeren atzo txirrindulari guztiek bazekiten eguna lasai antzean pasatzeko hartu nahi izanez gero, etapa egokia zela. Alpeetan pilatutako sufrimendu eta neke guztiak ahazteko etapa egokia. Baina mendian irabazteko gai ez denak beste leku batzuetan saiatu behar izaten du, erlojuaren aurka, zelaian, ihesaldietan... eta eguna iritsitakoan ideiak garbi eduki behar dira. Vasseurrek atzo bezala.