GARA > Idatzia > Gutunak

maribi ajuria Otxandio-Zierbena

Eskerrik asko, Lutxi

Kaixo Lutxi:

Hogei urte pasatu dira berri samingarri hura jaso genuenetik. Sinesgaitza, bai, benetan. Kanpoan harrapatu ninduen eta egun latzak izan ziren bakardadean bizitzeko. Hainbeste oroimen bat-batean, denak batera etorri zitzaizkidan burura: elkarrekin euskaldun bezala bizitako momentuak, neska bezala edukitako konfidentziak eta elkarrekin bizitako parrandak...

Eta haserrea sentitu nuen, gorrotoa zuri bizia kendu zizutenekiko. Haiek ez zintuzten ezagutzen, jatorra, zintzoa, alaia, as- katasun zalea, solidarioa, neska indartsua, langilea eta egia esatekoa, baita entzun nahi ez zuenari ere. Ai, ene Lutxi, ezin onartu zu gugandik baztertu izana.

Baina urte hauetan guztietan nigan presente egon zara. Askotan, egunerokotasunean giro ez abertzaleetan egon behar izan dut neure burua baztertuta sentituta, hitza ukatuta, baina ez dut iparra galdu beti pentsatuz: zu bizia galtzeko prest egon bazinen gure Euskal Herria maitatzeagatik, zelan ez nuen ba nik egoera zail hori jasango. Eta tinko jarraitu dut zure indarrarekin, nahiz eta beti pentsatu izan askoz gehiago egin nezakeela oraindik. Zuk jarraitutako bidean gaude. Momentu honetan maldan gorako bihurgune batean geldi egon arren, irteera ezin ikusi, nik badakit helmuga hortxe bertan dagoela. Eta zuri eta zu bezalako gudariei eskainiko dizuegula.

Beno Lutxi, badakizu Otxandio, gure herria, jaietan dagoela. Gonbidatzen zaitut gauerdian herriko plazan dagoen tabernan tragutxo bat hartzera. Hainbeste kontu dugu belarrira esateko. Elkarrekin ikusiko dugu gure Udaletxea, guztiz abertzalea, argi gorri-gorriz apaindua. «Ongi Etorri» jartzen du, laster etxeratuko baitira herritik kanpo ditugun lagunak.

Erdiko kale peatonal berritik ibiliko gara eta nolako paisaia osatzen den ikusiko dugu. Alboetan «zuhaitz» sendoak indartsu, geldi (badakizu «Viejas Glorias») eta erditik alai, fresko, bizkor eta eder landaretxo berriak, oxigeno abertzalea sortzen dutenak.

Beno Lutxi, esandakoa: gauerdira arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo