Iñaki Antiguedad Euskal Herria.
Egiaztapenak eta zalantzak
Ekainean ETA erakunde armatuak agiri baten bidez su-etenaren etena iragarri zuenean egiaztapenak eta zalantzak etorri zitzaizkidan batera burura. Lehendabiziko egiaztapena zera izan zen: hemen ez da prozesu politikorik. Esperotakoa zen etena, iazko udazkenaz geroztik izandakoak gogoan. Hortaz, gauzak argitu egin dira: hemen ez da prozesurik eta inork, ez hemengo ez hango, ez dezala ustezko prozesu baten lilurapean sustrairik gabeko uzta bildu. Beste egiaztapen bat: kondenatuta gaude, nahitaez, gatazka politikoa politikaren bidez gainditzera, hemengo eragileen arteko prozesu politikoak ez baitu alternatibarik; bera da konponbide iraunkor bakarra. Hortaz, oraingo saiakerak huts egin duenez erruak eta errudunak ondo lekutu, batean zein bestean, eta bide berriak arakatu beharko dira hurrengo saiakerak oinarri egokiak izan ditzan, bai eduki politikoetan, bai alde guztien konpromisoetan eta bai gizarte zibilaren eskuhartzean ere, azken hau ikusle hutsa izan ez dadin; abangoardien garaia pasatzen lagundu behar dugulako, behingoz.
(...) Zelan gauzatuko du erakunde armatuak «erantzuteko eskubidea»? Eta hori baino lehen, zer egingo dute prozesuari berrekitearen alde dauden eragileek, are gehiago Estatua udaberriko hauteskundeetara arte makila erabiltzen hasi denean, mintzakideak espetxeratuz? Ez al dute horiek erantzuteko eskubidea politikatik bideratu behar? Ala nor bere hauteskundeen zurrunbiloan da sartua? Azkenean pentsatu beharko dut hauteskundeak oztopo bihurtu direla benetako demokrazia eskuratzeko.
Baina hemen ez da gauza handirik asmatu behar, funtsezkoa asmatuta dago; hona ekarritako aditu guztiek dute esana: politikaren bidez gainditzen dira gatazka politikoak, eta horretan legeak lagundu egin behar du, ez oztopatu, horretarako aldatu behar bada ere. Horretan sinestea falta zaie askori. Baina beste biderik ez dago.