GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Harrokeria, harria, hautsa

Egutegiko uda betean gara, eguraldiak batzuetan zalantzan uzten bagaitu ere. Zorionez eguraldiak ez du oraindik sinatu hondartza zaleen eskubideen karta. Zorionez eguraldiak hondartzako hareak udan zapaldua ez izateko duen eskubide ez idatziaren alde egiten segitzen du oraindik. Baina izan udan gara, gure hemisferioak eguzkiarekiko duen morrontzaren aginduz, eta udan urteko beste sasoietan egiten ez diren gauza batzuk egiten ohi dira. Kobazuloetako indusketan aritu, esate baterako. Horra dozenaka lagun, zizeltxoa eskuan samurki hartuta Izturitzeko harpeetan, Trebiñuko Sanmartinzarren, Arrasateko Lezetxikin, Debako Praileaitzen... hondarren artean aztarnen bila, garai bateko hemengo cro-magnonen bizimoduaz edota geroagoko hemengo gizakien hilmoduaz argitasunaren eske. Ez da lan makala gero jende horrena! Gerratik gerrara ibiltzen diren berriemaileena baino arriskutsuagoa begitantzen zait horiena, kasu batzuetan behinik behin, eztanda-guneetatik hain gertu! etengabeko burrundaraz! Hemengo gizaki batzuen gerra da hori, hemengo harriaren kontrakoa, gerra santua oraingoa, legezkoa, dekretuzkoa, harria hil eta bertan hobiratu, harrobia utziz, harrokeriaz, Euskal Harria Euskal Hiria egin dezaten, kosta ahala kosta, kostan batez ere, baina barnealdea ezelan ere baztertu gabe, ez mendia ez ordeka. Dena, leku denetan. Autoaren, patronalaren eta instituzio lagunen izenean. Amen. Balioak eta baloreak, hain dira diferenteak! Are gehiago batak orainekoak badira eta besteak iraganekoak!.

Udan udakoa. Sugeak. Ez nago Pirinioetako aldapetako Tourreko kolore askotako sugeaz; portzierto, nire porrakoak lurretik dabiltza egunero. Prentsako sugeaz nago. Kimikari baten artikuluak, iritzia omen, hautsak harrotu ditu egunotan bere stripteasean. Tira, oraindik hauts gehiago harrotu ditu magistratu triste batek umorezko aldizkari bat prentsa lekuetatik erretirarazi izanak, nonbait azaleko monarkaren jarrera ez zelako guztiz konstituzionala. Eta hor ikusi da Ertzaintza batetik bestera aleak bahitzen, garai bateko beste uniformedun batzuk madalenak bahitzen ibili ziren antzeko moduan. Ordena desordenatu ez dadin. Hainbeste hauts eguratsera harrotuta berotegi-efektua pozarren da egunotan. Normala, beraz, eguzkia hondar- tzara kostata heldu izana, ia esan liteke autoaz joana dela!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo