GARA > Idatzia > Arrauna

Manu Etxeberriak bizkaiko arraunaren urte gozoenak aztertu ditu bere azken liburuan

1976 eta 1985 urteen artean Kaikuk eta Santurtzik egindako balentriak bildu ditu idazle oriotarrak. Garaiko berriak, emaitzak eta argazkiak biltzeaz gain, hainbat bitxikeria aurkituko ditu irakurleak «Euskal Arraunketaren Aro Modernoa» bildumaren bigarren atalean.

p050_f01_109x180.jpg

Manu Etxeberria Sedano Orion jaio zen 1962an. Bere garaian arraunlaria izandakoa eta pedagogoa lanbidez, bizitzak letren mundura bideratu zuen orain 20 bat urte. Kolaborazio moduan hasi zena, idazketa eta artxibo lan emankor bilakatu da eta, orain, bere azken lanarekin datorkigu: «Bizkaiko arraunaren urrezko urteak (1976/1985)».

Etxeberriak arraunaren aro modernoa lantzeari ekin zion orain urte batzuk. «Bildumaren izena «Euskal Arraunketaren Aro Modernoa» da eta jada finkatuta dago zer epe landuko dudan, zer urtetik zer urtetara: 1970etik 2000ra», azaldu digu egileak. Bera oriotarra izanik, zein bera baino egokiago bildumaren lehen atala, «Oriotarren iraultza (1965/1975)», idazteko?

Bigarren lanean, ordea, Bizkaiko arraunaz idatzi du Manu Etxeberriak. Eta, hasteko, jator azaldu digu nola den posible oriotar batek Bizkaiko arrauna hain ongi lantzea. «Ikusgarria zen Kaiku eta Santurtzi urte haietan nola ibiltzen ziren. Eta lehia hori are handiago egin zuena bi taldeen afizioa izan zen; bai sestaoarrek, eta batez ere, santurtziarrek jartzen zuten giroa. Kontxan, Zarautzen... denak morez jantzita nola ibiltzen ziren Sotera animatzen. Kontua da urte haietako kronikak idaztea tokatu izan zaidala eta ikasi nuela Orio ez ziren traineruen lana eta oriotarrak ez ziren arraunlarien lorpenak goraipatzen», esaten du.

1976tik aurrera Bizkaiko arraunak izan zuen gorakada nabarmena azaltzeko garaian, bi izen aipatzea ezinbestekoa da Etxeberriaren ustez: Jose Luis Korta eta Joseba Urtiaga. «Korta Kaikura iritsi arte ezer gutxi zuten lortua garaipenei dagokienez. Kortarekin estropadak irabazten hasi ziren, bandera garrantzitsu batzuk irabazten, eta azkenean hiru Kontxa jarraian iritsi ziren. Sestaoko arraunak nabarmen egin zuen gora. Santurtziarren kasuan, Urtiaga oso garrantzitsua izan zen. Beste modu batera, beste sistema batzuk erabilita, jende gaztearekin lan eginda eta arraunketa olinpikoan oinarrituta, emaitza oso onak lortu zituen Santurtzirekin», nabarmendu nahi izan du idazle gipuzkoarrak.

Arraun mundura iritsi berriak garenontzat, Etxeberriaren liburuak baditu hainbat bitxikeria. Horietako bat, Basilio Vazquezen, hainbat urtetan Kaikuko presidente izandakoaren, hitzak irakurtzea garai hartan egiten zituzten «fitxaketen» gainean. «Aurreneko urteetan Kaikun halaxe egiten zuten eta halaxe onartzen zuten berek ere. Herrian ez zegoen halako afiziorik eta arraunlari gehiegi ez zirela ateratzen. Esan beharra dago, gainera, Sestao ez dagoela itsasertzean ere, itsasadarra bera ere urrun samar geratzen dela. Onartuta daukate betidanik jendea kanpotik eraman behar izan dutela arraun egitera. Urte haietan fitxatu ere ez zen egiten gainera, orain bezala dirutzak ordainduz ez, behintzat. Baina argi dagoena da Kaikutik deituz gero, jakinda Korta han zegoela eta estropada asko irabaziko zituztela, jendea bi aldiz pentsatu gabe joaten zela Sestao aldera», onartu du Etxeberriak.

Euskaldunak nazioartean

Gainera, deigarria da arraunlari euskaldunek nazioartean lortutako emaitza onenak garai hartan iritsi izana. «Justu bigarren liburu horretan aztertzen diren urte horietan, 76a eta 85a bitartean, lortu ziren euskaldunek nazioartean arraunketa olinpikoan inoiz lortu izan dituzten emaitza onenak. Pisu arinetan, oriotarrek, santurtziarrek eta sestaoarrek domina asko lortu zituzten Munduko Txapelketetan. Jose Luis Korta bera Joko Olinpikoetan ere izan zen, oso maila ona emanda gainera. Kortak profesionala izatearen oztopoa izan zuen, bere elkartean lana egin behar izaten zuen traineruari begira. Hala ere, goi-mailako arraunlaria zen eta nazioartean oso emaitza aipagarriak lortu zituen», gogorarazi digu.

Gaur egun pentsaezinak diren buruhausteak ere izaten zituzten orduan, arraunketa olinpikoaren eta tostakoaren artean aukeratu beharra, esaterako. «Kontuan izan behar da Munduko Txapelketak abuztuan izaten direla, batzuetan irailean ere bai. Orain, denboraldia luzeagoa izaten da, baina urte haietan traineru denboraldia abuztuan eta irailean izaten zen. Bi gauzak batera izaten ziren eta ezin bietara iritsi», azaldu digu Manu Etxeberriak, urte haiek hizpide hartuta.

Baina hain urte gutxian inguruko bi traineruk halako gorakada izateak bere alde txarrak ere baditu. Esaterako, Kaiku eta Santurtziren artean sortu ziren liskar txikiak. «Sestao eta Santurtzi urruti ez dauden arren, kilometro batzuk badaude bien artean. Baina, kasualitatea, sestaoarrak Santurtziko portutik irtetzen ziren entrenatzera, Kaikuko presidenteak han zeukalako bere tailerra eta entrenamendu gunea han prestatu zuelako. Horregatik, biak arrapala beretik irtetzen ziren entrenatzera. Eta, normala den moduan, sortu ziren bai liskar batzuk urte haietan», dio irribarretsu egileak.

Horrelako liburu bat egiteak, ordea, lan handia eskatzen du eta, Etxeberriak onartzen duenez, idazteak baino, lan gehiago ematen dio askotan argazkiak lortzeak edo argitalpena ezagutzera emateak. «Oinarria garaiko egunkarietatik ateratako informazioa da. Ondoren, informazioa horiek protagonistekin kontrastatzen ditut elkarrizketak eginda. Orduko estropada garrantzitsuenen emaitzak ere sartu ditut liburuan, batez ere Kontxa, Nerbioi eta Corte Ingles, interesgarria iruditu zaidalako irakurleak emaitza horiek eskura izatea. Eta gero argazkiak. Uste dut garrantzia handia dutela, irakurtzea ondo dago, baina orduko irudiak ikusteak beste grazia bat ematen dio liburuari. Argazki historiko asko daude, gehiago ere izan ditut esku artean, baina azkenean aukeraketa bat egin behar izan dut testu bakoitza bere irudiarekin egoki lotzeko», aipatu digu.

Bigarren edizioa

Aipatu bildumako bigarren atala argitaratzearekin batera, ordea, Manu Etxeberriak lehen atalaren bigarren edizioa ere kaleratu du orain gutxi. «Bildumako lehen liburuaren bigarren edizioa kalean dago. Aurrenekoa herri mailan atera nuen eta orain gehiago zabaltzeko asmoarekin edizio berria kaleratu dut. Bigarren liburua bizkaitarren ingurukoa izanik, banaketa Bizkaia aldean ari da bideratzen. Santurtzi, Sestao eta inguruko herrietan aurki daiteke eta kostaldean ere bai, Lekeition edo Ondarroan, esaterako. Donostiako Elkar Megadendan ere eskuratu daiteke edota www.arraunikasi.com webgunean eskaera egin», argitu du idazleak.

Eta lehenengo atal horri buruz galdetzeko aukera ere ez dugu alferrik galdu. Etxeberriak oriotarrek beti izan duten berrikuntza gosea jartzen du arraun mundua irauliko zuen garai haren oinarritzat. «Orion beti izan da tradizioa arraun egiteko eta hobetu nahi hori beti hor egon da: ontzi berriekin probak egin, azken berrikuntzak aplikatu ontzietan... Atera kontuak, Inaxio Sarasua zaharra, 1936ko Joko Olinpikoetara joateko zorian egon zen -haren argazkia ikusteagatik bakarrik merezi du liburua erostea-. Ordura arte banakako bateletan ibiltzen zen eta Ur Kirolakeko arduradunek ikusi zutenean horrelako gizon puska batek arraunean nola egiten zuen, skiffean probatzea proposatu zioten. Oso ongi jarri zen eta Berlinera joatekoa zen, nahiz eta azkenean gerragatik ezin izan zuen joan. Gero Patxi Sarasua semeak hartu zuen erreleboa eta 65ean Arraun Olinpikoko Elkartea sortu zuen herrian zegoen ilusio berri hori bideratuta. Eta lan horrek guztiak traineruan eragin handia izan zuen», laburbildu digu.

Baina data zehatz bat aipatzekotan, Manu Etxeberriak 1970eko irailaren lehen igandea nabarmendu du. «1970eko Kontxako estropaden aurreneko igandea arraunketaren historian fetxa klabe bat da. Lasarte zebilen orduan punta-puntan eta Oriok, bat-batean, 45 segundo sartu zizkion. Pentsa, iaz bigarren mailako ontzi batek punta-puntan zebilen Castrori 45 segundu sartu izan balizkio bezalaxe da. Gaur egun, jada, ez da gertatzen horrelakorik traineru guztiek prestaketa oso antzekoa egiten dutelako, baina orduan gertatu zen. Eta hortik aurrera, denak Orio bezala entrenatzen hasi ziren», aitortzen du egun hura azpimarratuz.

Zentzu horretan, gaur eguneko arraun denboraldiarekin alderatuz beste datu deigarri bat ere badago, Oriok ez zuela zenbait urtetan trainerurik uretaratu. «Orain, dena askoz finkatuago dago, baina garai haietan baldin eta direktibarik ez bazegoen edo koadrila oso onik ez bazegoen, Oriok bigarren egitera nahiago zuen ez atera», adierazi du egileak.

Arraunketa olinpikoa aztergai

Garai batean euskaldunek arraunketa olinpikoan nazioarteko lehiaketetan lortu zuten ospea ikusita, pena pixka bat ere ematen du gaur egun horrelakorik ez dagoela onartzeak. Horri buruz ere eskatu diogu iritzia Manu Etxeberriari, inork gutxik bezala landu baitu euskaldunen lana arraunketa olinpikoan. «Oraindik praktikatzen da: Orion, Hondarribian, Santurtzin... Baina pixka bat jaitsi egin da traineruari garrantzia handia eman zaiolako. Gainera, nazioartean orduan hain ongi ibili baziren, Espainiako selekzioak entrenatzaile oso ona zeukalako da: Thor Nielsen, munduko onena. Hark prestatu zituen eta bideratu zituen euskaldunen garaipen guztiak. Gaur egun, traineruak indar handia hartu du eta instituzioak ez dira hainbeste inplikatzen teknikari onak jartzeko garaian. Badakit talde batzuentzat ezinezkoa dela itsasoan entrenatu behar dutelako, baina besteentzat arraunketa olinpikoa sekulako aukera da. Prestaketa moduan oso egokia da eta arraunlariarentzat oso aberasgarria, bai teknikoki, baita norberaren gozamenerako ere», iritzi dio.

Aurrera begira dituen ideiez galdetuta, Manuk ez du zalantzarik azaldu. Jada ongi aurreikusita dauka zertaz arituko den hurrengo ataletan. «Bilduma kronologikoa da, baina hirugarren liburuan parentesi txiki bat egingo dut. Bertan, euskaldunek nazioarteko lehiaketetan egindako lana bilduko dut. Argazki asko, emaitzak, elkarrizketak... Eta gero kronologikoki jarraituko dut. Aurrena Zumaiaren urte on haiek landuko ditut, tarteka Oriorekin lehian, gero pasaitarren garaia iritsiko da eta, bukatzeko, berriz ere Orio, Korta itzuli zeneko garaia. Hor amaituko da bilduma hau, hortik aurrera hasi zirelako kantabriarrak irabazten beren fitxaketekin eta abar, beste sistema batekin, selekzioak eginda», aurreratu digu Etxeberriak. Arrauna gustuko dutenentzat ezinbesteko liburuak.

Asier AIESTARAN

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo