GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Justina Elexpuru Arregi Aranzadi ikastolako guraso ohia eta irakaslea

Denok kabitzen garela pentsatzen dut

Ni oso ados nago Administrazioak sortutako eskola publikoa potentziatu beharrarekin, baina herriak herriarentzat sorturikoa, nork potentziatu behar ote du?

Bergarako ikastetxeak «gainezka»? Ez dut uste horrela denik eta saituko naiz ahalik eta argien azaltzen.

Derrigorrezko Hezkuntza ematen dutenak hiru ikastetxe dira gure herrian: Mariaren Lagundia -erlijiosoa-, Publikoa -administrazioak sortua- eta Ikastola -euskalzaletasunetik sortutako Herri Eskola-. Hirurak erantzuten diete gure herri plural honen beharrei eta duintasunez erantzuten saiatzen dira beren bezeroei. Hau da, konpetentziak bultzatzen ditu kalitatezko hez- kuntza bat ematera, besteak beste. Hori aberasgarria ikusten dut Bergarako herriarentzat.

Baina aspalditxo pentsatzen hasia nago hainbat guraso gazte eta progreri ahoa urtu egiten zaiela horrelako esaldiak esaterakoan: «Ni eskola publikoaren alde nago... Eskola publikoa potentziatu behar du administrazioak»... Eta horren aurrean ikastolako hainbat guraso gazte eta progre, baita ere, kikilduta gelditu daitezke zer erantzun jakin gabe, beren haurrak ikastetxe pribatu batean dituztelakoan..., Colegio Alemanaren erakoan edo ikastetxe «retro» edo atzerakoi batean edo... Guraso zaharragook, berriz, oso ondo dakigu ikastolaren historiaren berri eta berari «pribatu» izena ezartzeak edo aurpegiratzeak ez digula aldatu ezta aldatuko ere gure izana.

Ni oso ados nago Administrazioak sortutako eskola publikoa potentziatu beharrarekin, baina herriak herriarentzat sorturikoa, hau da, ikastola, nork potentziatu behar ote du? Orain arte bezala guraso eta irakasleen gain jarraitu beharko du. Aurtengo urte guztia pasatu beharko dugu zenbait herritarren laguntza estimagarria baliatuz, herriz herri arropak saltzen, tabernak ipintzen, eta kristoren plangintzak prestatzen, azkenean Kilometroen egun handia euriak zapuzteko, beldurrez eta pozez.

Gainera, guraso berri horiek esaten dute, kasurik onenean, umea ikastetxean sartzeko unean: «Gainera, zein diferentzia dago ba, gaur egun, batean edo bestean?» Ba, bai jauna, besteak beste, bat galanta. Eskola publikoak bezalaxe ikastolak erabiltzen dituen eraikinak ere, publikoak izan arren, berrikuntzak, konponketak, garbiketak, mantenu orokorrak, obrak, mobiliarioa eta gainontzeko guztia gurasoen esfortzutik ateratzen ditugu. Eta nik uste dut Administrazioak eta Udalak ez diola eman ikastolari dagokion babesa eta laguntza.

Ez nuke eskatuko eskola publikoari ematen diona baino gehiago baina ezta gutxiago ere. Zergatik? Hasteko, Ikastola Eskola Publikoa bezain publikoa delako. Eta beti, nire ustez, oraingo Euskal Eskola Publiko baten oinarriak, apaltasun osoz, aspaldi berak jarri zituelako eta espiritu berberarekin jarraitzen duelako. Publikako gurasoak bezalaxe zergak ordaintzen ditugulako. Ikastolak sortutako Euskal Irakaskuntza Eredua Euskal Herri osora hedatuz gero, irakaskuntza ororen mesederako izan delako.

Eta Aranzadi ikastola pribatu- kontzertatuaren ezaugarri agirikoak zeintzu dira? Patrimonioa: 0 (eraikuntza publikoetan gaude, obrak eta mantenua gure gain); Irabazi asmoa: 0 (borondatez gehi legez); Kontzertazioa: Gelako irakaslea ordaindua (gainerako zerbitzuak gurasoen gain); Prezioak: herrikoiak.

Hau horrela ikusita nik beti galdetu izan diot neure buruari. Non dago, ba, gakoa?

Kontzeptuan, soilik kontzeptuan. Administrazioak horrela egin ditu bereizketak, publika-pribatuan banatu izan ditu. Baina guk, herritarrok, nola ikusten dugu? Pribatu mota bakarra al dago? Publiko mota bakarra al dago eta egon behar ote du?

Denon arteko iritzi trukaketa eta bakoitzaren errealitatea hobeto ezagutzeak eraman gaitzake elkar ulertzera, errespetatzera eta Bergarako herriak merezi duen eta jasotzen ari den kalitatezko hezkuntza garatzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo