«PSNk izandako jarrera gerora ordainduko du»
Patxi Zabaletak gogor kritikatu zuen atzo PSNk Nafarroako Gobernua osatzerako orduan izan duen jokabidea. NaBaiko buruaren ustez, Fernando Purasek zuzentzen duen alderdiak «gutxiengoan dagoen UPNren gobernu bat ahalbidetuko du, eta etorkizunean ordainduko du».
GARA |
Nafarroako Gobernua osatzeko ezadoastasunek zeresana ematen jarraitzen dute. Horiek hala, atzo Radio Euskadin eginiko adierazpen batzuetan Nafarroa Bai koalizioko zerrendaburu Patxi Zabaletaren ustez, «PSNk kanpainan emandako hitza bete ez izanak, faktura pasatuko dio hurrengo hauteskundeetan, Madrilgo parlamenturakoetan alegia». Aldiz, Zabaletarentzat, NaBai egoera «ezin hobean» aurkitzen da lehia elektoral bati ekin ahal izateko.
Zabaletaren aburuz, Nafarroako Gobernua osatzeko orduan gertatutako zailtasun handienak, «Katalunian edo Galizian suertatu ez bezala, Madrildik PSOEk Nafarroa Bairekin itun politikorik sinatzearen kontrako borondatean» dute oinarria. Hortaz, egoera hau, «nafar guztien duintasunaren kontra» doala salatu zuen Nafarroa Baiko buruak.
Zabaletak gaineratu zuenez, Nafarroa Baik «ardura politikoagatik, Nafarroan aldaketa politikoa gerta zedin behar ziren esfortzu guztiak egin ditu». Horren aurrean, aldiz, «PSN ez da gai izan UPNk egin dion presio politiko eta mediatikoa gainditzeko». Nafarroa Bairen ustez, Purasek zuzentzen duen alderdiaren militanteek «bere talde politikoari hauteskunde kanpainan aldaketaren alde emandako hitza betetzea eskatzen diote».
Hala ere, Zabaletak onartu zuenez, PSN ez dago beste hauteskunde batzuei aurre egiteko moduan. Beraz, «gutxiengoa duen UPNren gobernu bati bide eman beharko dio, eta etorkizunean ordainduko duen jarrera bat da hori».
Dena den, Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko buruak esan zuenez, hurrengo legegintzaldian «UPN gutxiengoan egongo den gobernu bat aguantatu beharko dugu, exekutibo horrek bere osaketan zein funtzionamenduan PSNren laguntza indirektoa izango du, eta oposizioaren papera guk eta IUNek jokatu beharko dugu».
Azken alderdi horretako koordinatzaile nagusiak, Ion Errok, «aldaketa oraindik posible dela» ziurtatu zuen. Bere ustez, PSNk UPNri gobernua entregatzea «iruzur erraldoia» litzateke.
Bere ustez, «Nafarroan eta Galizian posibile izan bada, Nafarroan ere ezkerreko alternatiba batek gobernatzea posible da eta hori aldaketaren aldeko gehiengo soziala osatzen dugun alderdion erantzunkizuna da».
Patxi Zabaletaren aburuz, «PSNk azken aldian egin dituen akatsek, UPNren eskaerei men egin behar dion egoera batetara» eraman dute. Horrek, Purasen alderdia «politikoki buruaz beste egitera» behartuko du.