GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Eskorga krono-igoera» eginen dute gaur Irurtzungo jaietan

Pikuxar Euskal Txokoa elkarteak bertze urte batez antolatu du «Eskorgen krono-igoera lehiaketa mundiala». Gaur izanen da, Irurtzungo jaietan, 19.30ean. Elkarteak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar, bertzeak bertze, txangoak eta erakusketak. Herriko bertze taldeekin batean inauteriak, herriko jaiak eta Pikurock jaialdia prestatzen ere aritzen da. Egun, 70 bazkide inguru ditu, eta beren hitzetan, «euskararekin lotutako jendea biltzen da».

p023_f03_97x115.jpg

GARA |

Ostiralean hasi zituzten Irurtzunen bestak eta, geroztik gelditu gabe aritu badira ere, gaur, oraindik, indarra daukate «Eskorgen krono-igoera lehiaketa mundiala» antolatu eta bertan parte hartzeko. Pikuxar Euskal Txokoa elkarteak antolatzen du norgehiagoka ikusgarri hori, eta urtetik urtera sendotzen ari den ekimena da. Izena emateko Pikuxar tabernara jo daiteke, eta ekitaldia baino ordu erdi lehenago agertu behar da epaimahaiaren aurrera. Eskorga edo karretillak antolatzaileek izanen dituzten arren, «eskorga tunning-ak» prestatzera animatzen dute. Kaskoa eramatea da bete beharreko baldintza bakarra.

Irurtzungo Pikuxar elkartea duela lau urte sortu zen. Herriko hainbat gazte talde elkartu ziren eta, egoitza baten premia agerian geratu zenez, Euskal Txokoa sortzea erabaki zuten. Euskararekin lotutako jendea biltzen da elkartean. Orritz dantza taldeko hainbat kide bertan sartuta daude, eta horietako bat da Luis Beraza. Berak kontatu duenez, egun 70 bazkide inguru ditu Pikuxar elkarteak, eta kudeaketa zazpi lagunek osatutako batzorde baten gain dago.

Elkartearen egoitza izen bereko tabernaren gainean dago. Taberna irekia da, baina elkartearentzat biltzen da dirua. Horrez gainera, diru-laguntzak jasotzen dituzte: bai Udalaren aldetik, baita Sakanako Mankomunitatearen eskutik ere, euskara bultzatzeko egiten duten lanarengatik. Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, hala nola, tabernan hiru astetik behin aldatzen diren erakusketak. Azkena AHTri buruzkoa izan da, argazkiz osatutako erreportaje baten bidez proiektuaren nondik norakoak azaltzen zituzten. Txango edo irteerak ere egiten dituzte, eskiatzera, adibidez. Aurten elurrik ez zegoela-eta sagardotegira jo omen dute eta, bidenabar, Txillida-Leku bisitatu omen zuten.

Gainerako taldeekin elkarlana

Herriko bertze talde batzuekin batean inauteriak, Trinitate besta, herriko jaiak eta azaroan egiten den Pikurock antolatzen parte hartzen dute. Trinitate besta ekainean egiten da Irurtzunen, eta elkarteak urteurrena ospatzeko baliatzen du aukera. Pikurock, berriz, Larrazpi eta gazte taldeekin batean prestatzen den musika gaua da.

Jaietarako antolatu duten ekitaldi nagusia aipaturiko lehiaketa bada ere, afari eta bazkariak ere egiten dituzte. Ostiralean herri afaria egin zuten, eta datozen egunetan Iratxo elkartearekin batean bazkaria izanen dute.

Taldeek osaturiko egitaraua

Irurtzungo jaien antolakuntza Udalaren esku badago ere, hainbat ekitaldi herriko talde eta elkarteen eskutik egiten dira. Errate baterako, ostiraleko herri afaria Pikuxar elkarteak antolatu zuen. Atzo arratsaldean Ekaitza taldeari esker dantza afrikarrez gozatu ahal izan zuten, eta gaueko kontzertua, Stupenda Jones, Sök eta Kagando y Sin Papel taldeekin, Larrazpik antolatu zuen. Gaur erraldoi eta buruhandien topaketa izanen da goizean; ondoren, Agoitzeko eta herriko dantzari txikiek saioa eskainiko dute eta arratsaldeko 19.30ean «Eskorga krono-igoera» prestatu du Pikuxarrek. Asteartean gazte bazkaria eta jinkana eginen dituzte eta asteazkenean soin-makillajea ikusi ahal izanen da.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo