GARA > Idatzia > Kultura

Edouard glissant eta kreolizazioa: inprobisaziotik nahasketa sortzen

Edouard Glissant idazle martinikarrak hizkuntza eta kulturen arteko nahaste eta elkarrelikatze prozesua «kreolizazio» kontzeptuan teorizatu du. Errobiko jaialdian, Bernard Lubatekin batera, kreolizazioa musika eta olerkietan aplikatu du «Kaos Opera»rekin.

p055_f01_140x180.jpg

Eneritz ZABALETA

Kultura kreolaren aldarrikatzean eta emantzipazioan paper garrantzitsua bete du Edouard Glissant idazle eta olerkariak. 1928an Sainte-Marien jaiotako martinikar hau, frantziar Estatuko agintepean dauden uharte kolonietako artista esanguratsuenetarikoa da. Nortasunen eta munduko kulturen inguruko hainbat lan argitaratu ditu bere bizitzan Glissantek. Haren lanik oparoenak munduko kulturek mundu-kultura aurreikusezin batean bizi dituzten eraldaketa eta harremanak landuta argitaratu ditu.

Eraldaketa eta elkarrelikatze prozesu horri «kreolizazio» deritzo Glissantek: «Hizkuntza kreolak osagai linguistiko guztiz heterogeneoz osatuta daude. Adibidez, martinikera Afrikako hizkuntzen azpi-sintaxiaz osatuta dago. Sintaxia horri bretoiera eta frantsesaren hiztegi eta gramatika elementuak gehitzen zaizkio. Hori guztia jakinik ere, martinikera osotasun eta harmonia bat duen hizkuntza bat da».

Munduko kulturak kreolizatzen direla erratean, hizkuntza kreolak bizitako prozesua kultura guztiek bizi dutela erran nahi du Glissantek: «Kreolizazioa ez da mestizaia. Kreolizazioa inprobisazioaren haritik heldu da, emaitza ez du aurreikusia. Kreolizazio prozesu batean dauden bi kulturen artean, gertatuko dena aurreikusten ezinezkoa da», erantsi zuen Glissantek, Floridan komunitate hispanoaren garratziaren adibidea hartuta. «Floridan, milioi bat hispano daude, hiru milioi amerikar hiztunentzako. Eskualdean kreolizazio prozesuan daude bi hizkuntza eta kultura horiek. Baina Floridan gertatuko dena aurreikustea ezinezkoa da. Hispanoen gaztelerak ingelesaren lekua hartuko al du? Ingelesak gaztelera baztertzea lortuko al du? Bien arteko nahasketak hizkuntza berri bat sortuko al du?».

Kulturen arteko kreolizazio prozesua teorizatu ondoren, azken fenomeno hori alor artistikoan aplikatzeari ekin dio Glissantek. Bernard Lubat musikariarekin bat, inprobisazio literario-musikalak osatu ditu, Kaos Opera deiturikoak. Bikoteak orain arte bost Kaos Opera sortu ditu. Azkena, uztailaren 20an egin zuten, Itsasun iragan ohi den Errobiko jaialdiaren karietara. Kaos Opera horien oinarri garrantzitsuena, sorkuntzaren inprobisazioa da: «Inprobisatzen duzunean, emaitza zein izanen den inoiz ezin duzu jakin. Gure musika eta olerki sorkuntzak inprobisatuta, kreolizazio prozesuan sartzen gara, Glissantek definitutako prozesuaren metafora erraldoia egiten dugu», azaldu digu Bernard Lubatek, Glissantekin batera Kaos Operak sortzen dituen musikariak. Sorkuntza horren oinarria, Lubaten musika Glissanten poesiarekin nahastea da. Nahasketa hori momentuan egiten da, inprobisatuta, horrela musika eta poesia kreolizazio prozesuan sartzen dira. Lubatek, inprobisazioa nola eraikitzen duten azaldu digu: «Gehienetan, nik Edouarden testuari jarraitzen diot. Musika, testuaren arabera sortzen joaten naiz. Horrela ibiltzen gara emaitza arrunt harrigarria lortu arte».

Kaos Operak ekintza artistikoak kontzienteki eta espreski kreolizazio prozesuan sartzen baditu ere, ez da arte espresio batzuk kreolizazioari esker sortu diren lehen aldia. Hala gertatzen da, erraterako, Jazz musikarekin. Lubaten ustez: «Jazza musika kreolizatua da, etengabe mugimenduan dagoena, kreolizazio prozesuan. Jazza, esklabo afrikarrek haien musiken arrastoak uztartuta sortu zen. Bere ibilbidea erabat fraktala da, arau lineal edo ekuaziorik gabekoa. Kaos Operak jazzaren hizkuntza kreolizatu eta fraktal horren jarraipena izan nahi du, jarraipen kontziente eta probokatua».

Kaos Operaren espresio berritzaileak Euskal Herrian arrastoa utzi du, eta ekintza kreolizatua denez, nora helduko den jakiten ezinezkoa bada ere, bidea egiten ari dela argi dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo