GARA > Idatzia > Kultura

«L. Luma berrien eleak» aldizkariak idazle berriak aurkezten ditu udako alean

p056_f02_97x92.jpg

Jon CABANILLAS | DONOSTIA

Hilabete honetan aurkeztu dute Koldo Mitxelenan Bergarako Idazle Eskolako ikasleek «L. Luma berrien eleak» aldizkariaren bosgarren zenbakia. Ale horretan Tere Irastortzak, Idazle Eskolako zuzendariak, aurkeztu zituen mahaian ziren hogeitabi idazle berriak, eta azpimarratu zuen talde-lan handi bat jorratzen ari zirela. Joan den ekainaren 28an Zumarragan egindako «Ilunabar Literarioa»n irakurri zituzten aldizkariko zenbait lan.

Bederatzi narrazio lanekin, zazpi poemarekin eta «Solas eta Jolas»ekin osatzen dute hogeitabi idazle berri horiek lan sorta. Fito Rodriguez EIEko (Euskal Idazleen Elkartea) zuzendariak nabarmendu zuen «hogeita bi idazle berri plazaratzeko aukera ematen duen aldizkari baten garrantzia, bai euskal literatura berritzeko eta indartzeko, baita euskaldunon emozioen lekukotza emateko ere». Ale honetan, aurreko aleetan ohiko bihurtu diren atalak daude, esaterako, «Iritzi eta Gogoetak».

«Sorkuntza aldizkaria»

Aldizkariari buruz hala mintzatu zen Ainara Maia idazlea: « Sorkuntza aldizkaria da. Ez diogu aldizkari literarioa denik, sorkuntza literarioari ere espazio handia eskaintzen zaion arren, literariotzat dauzkagun generoekin batera, bestelako genero batzuk ere txertatzen dituen aldizkaria baita: iritzi eta dibulgazio lanak, liburu-iruzkinak, elkarrizketak...». Aldizkarian agertzen diren lanak ez dira oso luzeak, alde batetik ahalik eta idazle gehienei tokia eman ahal izateko eta, bestetik, aise irakurtzeko modukoa izan dadin, anitza delako, bai generoei, baita gaiei dagokienez ere. Aldizkaria salgai dago Bilboko, Donostiako eta Iruñeko liburudendetan, eta Aretxabaletan, Zarautzen eta Bergaran ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo