GARA > Idatzia > Euskal Herria

Motorrak berotzeko, Konpartsero Eguna ospatu dute Bilbon

Jaiak iristear daudela gogorarazteko, datozen asteetan egin beharko duten lanerako indarrak hartzeko eta, batez ere, ondo pasatzeko. Konpartsero Eguna ospatu zuten atzo Bilbon giro paregabean. Gero eta gutxiago falta da Marijaiak hiriburua har dezan.

p022_f03.jpg

GARA |

Gero eta gertuago badago ere, oraindik Bilboko Aste Nagusiaren zain jarri direnek pazientzi apur bat izan beharko dute, ia hilabete falta baita Marijaiak Bilboko kaleak har ditzan. Itxaronaldia arindu eta festa giroa dastatzeko-edo, Konpartsero Eguna ospatu zuten atzo hiriburuan.

Konpartsetako kideak jada buru-belarri ari dira lanean jaiak prestatzen eta datozen asteetan ere gogoz lan egin behar izango dutenez, jai hori indarberritzeko baliatzen dutela adierazi zuen Gerardo Perez Bilboko Konpartsetako jai batzordeko kideak.

Indarrak hartzeko zer hobe urdailari goxatu aldi bat ematea baino. Horiek hala, atzo Areatzan jan eta edanik, behintzat, ez zen falta. Haurrek abiatu zuten jaia, eta eurentzat prestatutako jolas eta lantegietan hara eta hona ibili ziren. Txikienak jolasean, helduxeagoek laster batean ekin zioten jatekoari, eta sardina-jate herrikoian mokadutxo ederrak dastatu zituzten. Horiek zintzurrean trabatuta gera ez zitezen, berriz, garagardo tragoxka bat ere eskaini zitzaien.

Pintxo lehiaketa

Ordu berean, pintxo lehiaketan parte hartu behar zutenek prestaketa lanei heldu behar izan zieten. Baldintza zuten oinarri gisa hiru osagai baliatzea: tipula, hegaluzea eta piperra. Gainerakoan, parte hartzaileek beste bi osagai erabiltzeko aukera zuten. Imajinazioa, pazientzia eta abilezia berriz, nahi adina eta barra-barra izanez gero, hobe gainera. Orotara, 26 pintxo dastatu zituzten epaimahiko kideek, eta Perezek adierazi zuenez, epaimahairen lana urtetik urtera zailagoa izaten da, «gero eta pintxo landuagoak egiten baitituzte parte hartzaileek».

Horrenbeste pintxo gora eta behera, gehientsuenei urdaila berriz ere goxatzeko gogoa jarri zitzaien eta zer hobe guztiak mahai inguruan batu eta bazkari eder bat patxadan dastatzea baino.

Arratsalderako, berriz, Feos pero Majos taldearen kontzertuaz gozatu zuten konpartsetako kideek. Ondoren, eta jaia borobiltzeko, kalejiran ibili ziren Ardoa Barrura fanfarrea lagun zutela. Jaia luzatu nahi zuenari ez zitzaion gero ere aukerarik falta izan.

sariak

Pintxo onenaren saria Kobeta Mendi konpartsak eskuratu zuen; berritzaileenaren saria, Hau Pittu Hau! konpartsak; eta aurkezpen onenaren saria, berriz, Txinbotarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo