San Miguel Liga
Oriok indartsuena dela erakutsi du Pasaiako badian
Denboraldiko hirugarren ikurriña eskuratu dute agilutxoek erlojuaren kontra eta sailkapen nagusian Urdaibairekiko zuten tartea handitu egin dute.
Manex ALTUNA | BILBO
Oriok denboraldia oso indartsu hasi duela erakutsi zuen atzo Pasaian jokatutako San Pedroko ikurriñan. Erlojuaren kontra aritu ziren traineru guztiak eta horitxoek inor baino sendoago daudela erakutsi zuten, baita argi utzi ere. Estropada eremu bitxia izan zen, erlojuaren kontra aritu baitziren talde guztiak banan-banan arraunean eta indar handiena zuenak erdietsi zuen garaipena.
Denboraldiko hirugarren ikurriña da agilutxoek lortutakoa eta dagoeneko iazko emaitzak berdindu dituzte, baina bost estropada bakarrik jokatu direla kontuan harturik, oraindik asko hobetu dezakete. Gainera, San Miguel Ligaren sailkapenaren buruan duen tartea handitu zuten Urdaibairekiko. Bermeotarrak dira oriotarren aurkari zuzenenak une honetan eta atzo ez ziren espero zen bezain fin aritu.
Bou Bizkaiakoak ez ziren ondo moldatu Pasaiako uretan eta laugarren tokian bukatu zuten estropada. Bere aurretik geratu ziren Hondarribia eta Castro. Gizpuzkoarrak izan ziren Orioren denboretara gehien hurbildu zen taldea eta hiru segundu gehiago baino ez zituzten behar izan bukaeran. Castrok, aldiz, ehunekoengatik izan bazen ere, Urdaibai gainditu zuen, bigarren txandan arraunean egin behar izan arren.
Tarteak oso txikiak izan ziren, horren lekuko San Pedrok erdietsitako bederatzigarren postutik Castroren hirugarrenera bost segundo baino ez zirela egon izan zen. Pedreñak egindako saioa ere aipagarria izan zen. Kantabriarrak gaizki hasi dute denboraldia, baina atzo erakutsi zuten moduan, askoz gehiago eman dezakete. Bosgarren tokian bukatu zuten.
Beste alde batetik, gaur asteburuko bigarren estropada izango da Plentziako uretan. Bizkaian egingo den denboraldiko lehen ikurriña izango da eta ez da aldaketarik egongo txandetan.