BARRUTIK
Ez da ematen duena
Gaizka LASA (Karpin-Galicia)
Telebistak txirrindularien benetako joa behar bezela erakusten ez duela beti esan ohi dut. Baina teoria hori indartu egiten da erlojupekoetan. Ikusentzuleak txirrindularia postura dotorean, jantzi bereziarekin eta bizikleta ikusgarri baten gainean ikusten du. Baina hor barruko errealitatea oso desberdina da. Sufrimendu hutsa da proba hori, nahiz eta askotan txirrindularia behartu gabe doala iruditu. Buruak paper garrantzitsua jokatzen du, guztiz erabakiorra da. Borroka latza izaten da halakoetan norberaren eta buruaren artean. Eta gezurra ematen badu ere, borroka hori galtzea seinale ona izaten da. Erlojupekoan ondo sentitzen bazara, benetan egin dezakezun denbora baino kaskarragoa egiten ari zarelako da. Horregatik da hain garrantzitsua burua. Ezkortasunaren eta sufrimenduaren aurrean eusteko eta bukaeraraino dena emateko. Horretarako barruan zerbait izan behar da noski. Eta atzo Vinokurovek erakutsi zuen oraindik ere asko duela. Bere taldekideek ere indarra dutela dirudi. Eta gauzak horrela, gaurkoa eta Piriniotako beste jardunaldiak ikusgarriak izango dira.