GARA > Idatzia > Txirrindularitza

ordiziako klasikoa Aurrekoa

Caisse d'Epargne eta Euskaltel- Euskadi dira faborito

Joaquin Rodriguez eta Samuel Sanchez dira txirrindulari ospetsuenak irteeran. Antolakuntzak ibilbidearen bukaera aldatu du, eta bost aldiz Abaltzisketa eta bi Altzo igoko du tropelak

Unai IRARAGORRI | BILBO

Caisse d'Epargne, Euskaltel-Euskadi eta Saunier Duval UCI Pro Tourreko taldeak dira faborito gaur Villafrancako Proban-Ordiziako Klasikoan (10.00etan). Joaquin Rodriguez eta Samuel Sanchez txirrindulariak izango dira irteeran, 84. ekitaldian. Hamabost talde dira, eta 165 kilometroko ibilbide gorabeheratsua prestatu dute antolatzaileek. Guztira, zazpi igoera izango dituzte parte-hartzaileek; bost Abaltzisketa eta bi Altzo, hain zuzen ere.

Ibilbidea aldatu du Txapel-Gorri antolakuntzak. Izan ere, aurten uztailaren 25a ez da jaieguna Gipuzkoan, eta bigarren zatia ezberdina izango da errepideetan trabarik ez egiteko. Hasierako 105 kilometroak iazko probako berdinak izango dira. Abaltzisketa hiru aldiz igoko dute, baina txirrindulariek ez dituzte igoko Bidania eta Mandubia bukaeran; bi itzuli emango dizkiote beste zirkuituari, ordea, eta Altzo eta berriro ere Abaltzisketa igoko dituzte birritan.

Agian, gogortasuna galdu du lasterketak; edonola ere, ibilbide gorabeheratsua da, eta amaieran Ordiziako erripan helmugaratuko dira, 14.00etan.

Ezbairik gabe, Caisse d'Epargne taldeak aurkeztuko du talde sendoena, Joaquin Rodriguez, Ruben Plaza eta Tino Zaballa buruan. Haiek dira faborito, eta lasterketaren ardura hartu beharko dute. Euskaltel-Euskadi lehia ematen saiatuko da. Hain zuzen, Samuel Sanchez berragertuko da, eta Bruk eta Galparsorok lagunduko diote. Saunier Duvaleko talde gaztea hirugarren aukera izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo