jabi agirre Lezama
Iñaki Rikeren omenez
Orain arte, bi lezamar ospetsuren izena daramaten oroitarriak ditugu herrian: bata, Hilario Astorkiri eskainia eta Mikel Zarateri, bestea. Aurrerantza hirugarren bati ere eskaini gura da: dela urtebete erbestean zendu zen Iñaki Rikeri hain zuzen.
Aspaldiko abesti batek zioen: «herria maitatzeko era asko daude» eta horren adibide litzateke hiru lezamarron ahalegina. Hilariok, bere ondasunen zati bat herriari oparituz; Mikelek, bere bizitza osoan euskararen eta eus- kal kulturaren alde lan eginez; Iñakik, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan buru-belarri ekinagatik.
Iñaki Rike Gallarza (1953). Gaztetatik LABeko militantea; eraikuntzako langilea, arotza. 1983an atxilotua, torturatua, eta 17 urtez 11 kartzelatan hara eta harago eramana. 2000n askatasuna; ongietorria eta omenaldia Lezaman. Herriratzeaz batera berriz ere lanean, batez ere presoen eta erbesteratuen alde. 2005ean erbestera, han ere ekinean jarraitzeko, harik eta gaixoaldi zoritxarreko batek (2006ko uztailean) geure artetik eraman zuen arte.
Lezaman gorpuari egindako harrera eta azken agurra, ez dugu errez ahaztuko, ez eta Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako preso ohi lagunek zuganako estimua eta esker ona agertu izana. Oraingoan etxeko, lagun eta herritarrok hauxe adierazi nahi dizugu: merezi izan du zu ezagutzea, zure lagun izatea, zure herria maitatzeko grina mirestea. Aurrerantza guri dagokigu herria maitatzen jarraitzea, eta egin egingo dugu. Omenaldia, barikuan, uztailak 27, Lezaman.