raquel terceño Balmaseda
Ikastetxeen alde ezkutua
Uztailaren 7an ikasleek irakasleei egindako erasoen berri ematen zuen erreportaia irakurri nuen. Idazki horren arabera, EAEn 22 irakaslek jasan dituzte bere ikasleen erasoak.
Kopurua kezkagarria, baina are kezkagarriagoa izango litzateke benetan eremu honetan izan diren kasu guztiak kontuan hartuko bagenitu. Izan ere, ikastetxeetan hainbat kasu geratzen dira isilean, eraso horiek jasaten dituzten irakasleak, zentro horietako zuzendaritza batzordeek edo juntek euren aurka har ditzaketen erabakiak direla eta, ezer esateko beldur baitira. Horrelako arazo bat suertatuz gero, errua erasoak jasaten dituen irakasleari leporatzen diote: zenbatek ez ote du entzun, «zure jarrerak eragiten ditu eraso horiek... ez dakizu taldea behar bezala bideratzen... zer-nolako irudia izango dute gure herrian, auzoan, hirian... heldua zu zara eta haiek umeak, eta zeuk hartu behar duzu taldearen kontrola»...
Horrelakoetan irakaslerik eskuzabalenak -ahulenak?- izaten dira koplaburuak, beroriek ikasle maltzur horien jazarpena jasotzeaz gain lankide, juntakide edo zuzendaritza taldeko partaideen hainbat jazarpen ere jasanik. Eta emaitza betikoa: irakasle horiek giro eskas horretan erabat bakarturik etengabeko bajak hartu beharra, bere arduradunen mehatxuak jasatea, tutoretza kentzea, kontratua ez berriztea edo zentroetatik kanporatzea.
Orain Hezkuntza Saila arazo horiek bideratzeko protokolo bat eskuan datorkigu. Horrekin ez dut ukatzen aurrerantzean zerbait konpon litekeela, baina irakasleen aurkako jazarpena, mobing, bullying eta hainbat eratako inposaketen ondoan gertatu ohi da. Hori guztia kontuan harturik, susmoa dut Hezkuntza Sailaren protokoloa arazoari errotik eusteko tresna baino, ez ote den beste petatxu bat izango.