Hegoafrikatik etorritako ikasgaia
Euskal Herriko prozesu politikoa aztertzean sarritan aipatzen da «Irlandako ispilua». Izan ere, Hegoafrikatik etorritako ikasgaiak arreta txikiagoa merezi ohi du. Bi lurraldeen arteko urruntasunak azaldu dezake gabezia hori, baina alde batetik edo bestetik Irlandako eredua aipatzen dutenek oso kontuan hartu beharko lituzkete Nelson Mandelak eta Frederik de Klerk-ek irudikatzen duten prozesuak eskaintzen dituen ikasgaiak. Ezker abertzalea ez ezik, EAJ, PSOE, EA, ELA eta LAB sindikatuak, Elkarri... une batean edo bestean Euskal Herriko prozesuan parte hartzen duten eragile gehienek bere jakin-mina Irlandako iturrian ase dute. Are gehiago, prozesua krisian dagoen unean, komeni da lehendabiziko iturrietara jo, arazoak gainditzeko zer-nolako tresnak erabili behar diren errezago ulertzeko.
Udara ez da une txarrena lan horri ekiteko. Alderantziz, udaberri-partean gainditu ez diren ikasgaiak aurrera ateratzeko aro aproposa dugu udara. Irailean ikasturte politikoa indarberriturik hasteko ezinbestekoa baita prozesua berpizteko proposamenak gaurdanik lantzea. Hegoafrikara bisita antolatu du Lakuako Justizia Sailak, bertako prozesua gertutik ezagutzeko. Besteren artean, Roelf Mayer apartheid garaian polizia arduraduna eta Brian Currin eskubide zibilen aldeko abokatua izan dituzte solaskide. Biek ala biek mezu bera zabaltzen dute: oztopoak eta porrotak gainditzeko era eraginkorrena hitz egiten jarraitzea dela adierazi dute. «Une latzetan elkarrizketa baztertu bagenu, ez genuen konponbidea lortuko», azaldu dute.
Bestalde, Hegoafrikako prozesuak izan zituen osagai nagusiak gogoratu dituzte: ez da aurrebaldintzarik ezarri behar hitz egiten hasteko; ez da inor elkarrizketatik at utzi behar; alde bakoitzak prozesua azaldu behar du bere etxean, une oro eta konponbidea zertan datzan ezkutatu gabe; eta hedabideek zintzotasunez jokatu behar dute. Euskal prozesuan gertatu dena aztertu eta etorkizuna bestelakoa izan dadila lan egiteko prest diren guztiek lagungarri aurki dezakete ikasgaia.