Gailurra lortu arte bide luzea
Gaizka LASA (Karpin-Galicia)
Atzoko atseden eguna askok Tour honetako protagonista nagusietako batez hitz egiten pasa zuten. Niri, kirol ibilbideagatik aspaldi egokitu zitzaidan madrildar bitxia ezagutzea. Junior mailan Talaverako itzulian izan zen. Hanka mehe hura oso indartsu zebilen aldapan gora, bizikletatik altxa eta eseri gabe dantzan. Handik oso gutxira Iberdrola taldeak fitxatu gintuen biok. Orduan ezagutu nuen hobeto. Taldean euskaldunak ez ziren gehienak bezala, oso mutil bizia zen. Argia, ausarta, azkarra, lotsagabe puntu eta guzti. Hemengoak ginenoi, etxezale eta amaren babesean hazitakoei, abantail handia ateratzen zigun Contadorrek. Kartetan ere apustuak egiten erne ibili behar zen horiekin, tranpetan iaioak ziren eta. Ondo daki hori hainbeste urtetan taldeko mekanikari izan zen Joxe Andueza Lakuntzakoak. Hark bai jasan behar izan zituela Contadorren eta besteen adar-jotzeak. Eta munduan barna ibiltzen ateratzen ziguten abantail hori bizikletan ere berdintsua zen. Hemengo askok ikasketak genituen buruan, eta familiarekin bizi ginen. Haiek, berriz, oso gaztetatik bizikleta bakarrik zeukaten. Txirrindularitza bazter guztietatik arnasten zuten. Once taldeko harrobia zen Iberdrola, eta ametsa gertu ikusita, lan handia egiten zuten Contador bezalakoek txapeldun bihurtuko zirelakoan. Iritsi zaio bada. Bejondeiola!