GARA > Idatzia > Kultura

Atxaga: «Euskaran eta Euskal Herrian unibertso askotariko eta interesgarria dago»

Gaur amaituko da Bernardo Atxagak emandako EHUko udako ikastaroa, «Emozioak... Atxagarekin». Ikastaro horretan, idazleak emozioak analizatu, esperimentatu eta haiekin jolastu du. Ikastaroak hiru egun iraun du, eta aktoreek, musikariek, idazleek eta beste hainbat euskal profesionalek hartu dute parte, gehienbat kreatibitatearekin erlazioa dutenak eta arlo ezberdinetakoak. Horien artean, Xabier Muguruza musikariak eta Itziar Mendizabal dantzariak.

Jon CABANILLAS | DONOSTIA

Bernardo Atxagaren ikastaroa, «Emozioak... Atxagarekin», gaur agurtuko da hiru egun intentsu pasatu ondoren. Gaurko jardunaldian, Rafael Eguiguren idazlea, Pello Otxoketa poeta eta Imanol Rayo zinemagile gaztea izango dira. Atzoko saioan, berriz, Daniel Innerarity filosofo bilbotarra, Koldo Martinez Nafarroako Unibertsitateko medikua eta bioetikan espezializatua eta Itziar Mendizabal balet dantzaria izan ziren.

Bernardo Atxagaren jardunaldiak «udako ikastaroen arrakastaren eredu eta lekuko» direla adierazi zuen Ignacio Casadok, iparraldeko Egile eta Argitaratzaileen Elkarte Orokorreko zuzendariak, herenegun, ikastaroen aurkezpenean. «Atxagaren ikastaroan emozioak izango dira protagonista, horiek baitira sorkuntza existitu ahal izateko elementu nagusietarikoak», adierazi zuen Casadok.

«Beldur unibertsala»

Idazleak emozioen garrantzia nabarmendu zuen, ez soilik mundu kreatiboan, baizik eta bizitzaren arlo guztietan, eta horien artean gehien erabiltzen duena beldurrarena da, «agian emozio unibertsalena delako». Atxagak esan zuen: «Ez dago beldurrik gabeko bizitzarik. Denok ezagutzen dugu beldurra». Idazleak honakoa gehitu zuen: «Emozio partikularrek elementu unibertsaletara eramaten gaituzte; adibidez, tristura edo beldurra heriotza den elementu unibertsalean erreflexionatzeko bide izan daitezke». «Norberaren emozioa paretaren zuloa bezalakoa da, zeinetatik sagua pasatzen den sala handira iristeko», esan zuen. «Denok bizitzen gara gizarte batean, zirkunstantzia batzuetan eta garai berezi batzuetan, baina horiek dira unibertsal izateko bide bakarra», azaldu zuen Atxagak. Planteamendu hori azaltzean eta euskaldunak hotzak direla topikoari buruz Bernardo Atxagak azaldu zuen: «Inoiz ez dut pentsatzen euskaldunetan, adinean pentsatzen ez duen bezalaxe. Nire ustez, euskaldunek berezitasunak dituzte mundu guztiak bezala».

Atxagak, ikastaro horren diseinua egitean, «norberak dituen emozioak» eta «unibertsal bihurtzeko bide hori» hartu ditu kontuan; izan ere, hizlariek beren arloan bizitako emozioak azaltzen dituzte hausnarketa orokor bat kitzikatu ahal izateko. Idazleak, halaber, «esperimentuak» antolatu ditu «bihotzaren logika» azalaratzeko asmoz, bai hizlariei bai eta jardunaldian dagoen jendearentzat ere.

Jardunaldiaren lehendabiziko egunean, astelehenean, Xabier Muguruza idazle eta musikaria egon zen. Muguruzak «biografia eremuaz» hitz egin zuen, eta bere aitaren heriotzari buruzko bertsio bat idatzi zuen; hura jendeak irakurri zuen Atxagak esan zuenez. Kandido Uranga aktorea ere ikastaroetan egon zen, eta antzerki txiki bat antzeztu zuen.

Atzo, Daniel Innerarity filosofoa egon zen. Bernardo Atxagak adierazi zuen: «Filosofo eta pentsalari hau Euskal Herriari oso leiala da, ez bakarrik Bilbon jaioa delako, baizik eta hemen gertatzen diren gauzekin oso lotua dagoelako». Filosofoak diskurtsoan esperantzak eta etorkizunak dituzten erlazioez hitz egin zuen. «Esperantza animu bat da zeinarekin gizakia etorkizunarekin erlazionatzen den. Etorkizuna ezin da ezabatu», azaldu zuen Inneranityk. «Etorkizunarekiko erlazioa hez daiteke. Arrazoizko esperantza ez da ixten errealitaterako ezagutzan, baizik eta guztiz kontrakoa. Esperantzak errealitatearekin zerikusirik edukiko ez balu, txorakeria bat izango litzateke: errealitatearen ezagutza depresiboa izango litzateke», esan zuen Innerarityk.

Atzo, bestetik, Itziar Mendiguren balet dantzariak esperimentatzen dituen emozioez hitz egin zuen. Horretarako, berak antzezten duen Tchaikovsky-ren «Zisneen lakua»ren pasarte batzuk proiektatu zituzten, eta pertsonaia hori interpretatzeko zer egiten duen esplikatu zuen emozioen arlotik ikusita.

Gaur, ondorengoak izango dira: Rafael Eguiguren idazlea, Pello Otxoketa poeta eta Imanol Rayo zinemagilea. Azkenak bere film laburraz, gaztaroaz, lanbideaz eta orain egiten ari denaz hitz egingo du.

BELDURRA

«Beldurraren emozioak mundua mugitzen du eta agian unibertsalena da. Denok ezagutzen dugu beldurra. Emozio partikularrek elementu unibertsaletara eramaten gaituzte», adierazi zuen Bernardo Atxaga idazleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo