GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gaixorik eta preso, Figueroak gose-greba hasi du Langraizen

Askatasunak Angel Figueroa eta gaixotasun larriak dituzten gainerako presoak berehala askatzeko exijitu du. Figueroak «egunero epilepsia krisiak» izaten dituela eta izan behar lituzkeen baldintzen ordez, «espetxe aldaketak, lokartzeko zailtasunak, zarata arazoak ziegakideen jarrerarengatik eta poliziaren probokazio eta jipoiak» pairatzen dituela esan du.

GARA |

Angel Figueroa bizkaitarrak gose-greba hasi zuen herenegun bere egoera larria salatzeko, Askatasunak atzo jakinarazi zuenez. Gaixotasun larria du Figueroak, eta egoera horretan dagokion askatasun eskubidea urratzeaz gain, baldintza hagitz txarretan omen dago Langraizko kartzelan.

Askatasunak ezagutarazi zuenez, egunero epilepsia krisiak ditu eta bere egoera delikatuak eskatzen dituen baldintzak, medikuek berek eskaturikoak, ez dira betetzen. Medikuek eskaturiko eta betetzen ez diren baldintzak «ordutegi aldaketa saihestea, loa ez trabatzea eta estres egoerarik ez izatea» direla aipatu zuen errepresioaren kontrako kolektiboak.

Figueroa 1994an atxilotu zuen Ertzaintzak, Getxoko Areeta auzoan, eta ETAko kide izatea leporatuta, 30 urteko kartzela zigorra betetzea agindu zuen epaiak. Estatu espainoleko hainbat espetxetatik iragan ondotik, egun Arabako kartzelan dago. Baldintzapeko askatasuna 2009an eman beharko baliote ere, Askatasunak nabarmendu zuen bezala, gaixotasun larria duenez, berehala aske utzi behar lukete. Haren egoera guztiz kontrakoa da: Azken hilabeteetan «espetxe traslado luzeak, horrek dakartzan ordutegi aldaketekin; lokartzeko zailtasunak, espetxe ezberdinetan gaua pasatu beharra, zarata arazoak ziegako kideen jarreragatik, poliziaren jarrera probokatzailea eta jipoiak» jasan behar izan ditu, kolektiboak esan zuenez.

Askatasunak «Angel eta, gaixotasun larriak izanik ere, espetxean bahiturik dituzten preso politikoak berehala askatzeko» exijitu zuen. Taldearen hitzetan, presoak «bahitu politiko gisa» erabiltzen dituzte bi gobernuek, «Euskal Herria eta ezker abertzalea makurtzeko instrumentu gisa».

Mila Yoldi, bakartuta

Mila Yoldi Castellongo kartzelan preso dagoena bigarren gardutik lehenengora pasatu dutela salatu zuen, bertzalde, Askatasunak. Dirudienez, Yoldik uko egin zion bere ziegan bertze preso bat sartzeari. Hori dela-eta egin zioten erregimen aldaketa, eta gaur egun bakartuta omen dago. Kartzela berean dauden bi preso politikok itxialdia egin zuten bi egunez, eta hamar egunean kartzelako janariari uko egin omen diote. Yoldiren egoera salatzeko eta egoera horretatik ateratzeko eskatzeko, egunero instantziak bidaltzen dizkiote zuzendariari.

mobilizazioak

Halako egoerak ez dira bakanak, tamalez, eta horregatik, ugari dira presoak sostengatzeko mobilizazioak. Atzo, Bilbon, 100 lagun bildu ziren Arriagan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo