Aukeran, hamar urtez dantza tradizionala ikuspuntu berriz lantzen
Euskal dantza tradizionala «eraberritzeko» erronka hartu zuen orain hamar urte Edu Muruamendiarazek. Aukeran dantza konpainia sortu eta, hasierako kritika zorrotzak ahaztuta, dantza munduan lekua izatea lortu du. Gaur, Gasteizen izango da konpainia.
Amalur ARTOLA
Une honetan «Bideak» azken lanarekin dabil Aukeran konpainia, «hamarkada bateko ibilbidearen laburpena», Edu Muruamendiaraz konpainiaren sortzailearen hitzetan. Euskal dantza tradizionaletik etorria -Euskal Herriko bikotekako hiru txapelketa irabazi zituen jarraian eta bakarkakoetan ere lortu du txapelik-, berrikuntzaren bidea ireki zuen 1996an. Dantzatik haratago ikuskizunak eraikitzeko irrikaz, sortzetik argi-jokoak, jantzien diseinua eta dantza garaikideko elementuak erabilita desberdintasuna markatzea izan du erronka, eta bide horretatik sortu zuten «Aukeran» koreografia, gerora konpainiari izena eman diona. 2001 urtean izena jarri eta «Sutargi» sortu zuten, euren lehenengo lan arrakastatsua: «Ezusteko ikaragarria izan zen. Dantza tradizionalean garaikidearen elementuak sartzen lehenengoak izan ginen eta hirurogei emanalditik gora egin genituen, asko Euskal Herrian izateko». Harrera itzelaren aurrean, «Izena duen guztia omen da»-k (2003) ireki zien mundu profesionalago baterako bidea: «Xabier Lozano ezagutu genuen, argien diseinuan zebilena. Ahozabalik utzi gintuen. Jantzien diseinurako Ramon Garciarekin egin genuen topo eta, dantza garaikidearen sartu ginenez, elementu gehiago sartzeko apustua egin genuen». Ballet klasikoa eta dantza garaikidea ere ikasi zuten -azken lanerako acrosportean ere aritu dira- eta, partaide guztiak tradizionaletik etorritakoak direnez, ez zitzaien erraza suertatu: «Zeharo ezberdina da; gorputz osoa mugitu behar da eta kosta zitzaigun mundu horretan sartzea. Azkenean, bigarren lanean garaikideko hiru atal sartzea lortu genuen».
2006an etorri zen «Bideak», hamarkada bateko ibilbidea biribildu duena eta gaur Gasteizen eta hurrengo egunetan Euskal Herriko hainbat lekutan ikusi ahal izango dena: «Gure esperientzia dago lan honetan. Sekulako beldurra nuen Donostiako Antzerki Ferian estreinatu genuenean, baina geroz eta gehiago konturatzen ari naiz `Bideak' izan dela gure lanik biribilena». Muruamendiarazen hitzak Azpeitiko publikoaren sariak edota Victoria Eugenia antzokiaren inaugurazioan parte hartu izanak berretsi ditu.
«Bideak»-en ezberdintasun nagusietako bat zuzeneko musika alboratzea izan da. Muruamendiarazen hitzetan, «konpainian jende asko ibiltzen gara eta denak mugitzea oso zaila izaten da. Apustu bat egin behar genuen eta gure identitatea jantziak, argiak, dantzak eta zuzeneko musika izan badira ere, azken hau ezabatu eta ahotsa a capella sartzea erabaki genuen. Musika egin ziguten eta toki txikiagoetan sartzeko aukera eman digu. Emaitza oso ona izan da».
Arrakastak arrakasta, dantza munduaren «itxitasuna» eta laguntzen eskasia jasandakoak direla ziurtatu du: «Izentxo bat izatea lortu dugu, baina mundu honetatik at inor gutxik daki zein garen. Publiko zehatz bat dauka dantzak, batzuk zure hurrengo lanaren zain daude, baina diru aldetik... Laguntza eskasak lortu ditugu, gure ekoizpen propioak egin ditugu, baina dantza munduan erakunde bat falta da, egitura bat, bakarka ez baitugu indarrik. Lokala hartzeko modurik ere ez dugu». Izan ere, orain Urnietako Hegape eskolan egiten dituzte probasaioak, psikomotrizitate gelan, ikasleen eskolak amaitu ostean. Bertan dantza irakasle ari da, Ibarran eta Villabonan bezalaxe, eta saiatzen da joera berri horiek bultzatzen, «betiere euskal dantzak menperatzen dituztenean, gure koreografiak ikasteko horiek jakitea ezinbestekoa baita. Eta gurasoak pozik daude». Bera ere gustura dago: «Azken batean lortu dut dantzatik bizitzea, eta norberak gustuko duena eginez bizi ahal izatea ikaragarria da. Konpainiek ez dute ematen bizitzeko adina, nahiko nuke zortzi orduak Aukerani eskaintzea, baina tira, pozik nago».
Buruan dituen ideien artean dantza eskola sortzea dago, baina, mementoz, urteurrenari begira abuztuan egingo dituzten saio bereziak -hiru lanen arteko nahasketa, oraingoz Oiartzun, Itziar eta Zizurkilen- ditu gogoan. Etorkizun hurbilean, lan berria ateratzeko asmoa aurreratu du: «Oraindik ez daukat oso argi zer izango den, baina zerbait desberdina egin nahi dut. Ikusiko dugu».