GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniaria

Neutralitatea sarean

Sarea neutrala da berez: Interneten eboluzio eta zabaltzearen oinarria neutralitatea edo berdintasuna izan baita bere jaiotzatik. Neutralitate izaera hau, baina, ez da inon eta inoiz erregulatu. Edota ez da beharrezkoa izan. Irekitasun eta berdintasun printzipioak bere baitan biltzen ditu internetek: bestela inoiz ez baitzen egun dena izatera iritsiko. Internet [ia mundu osoan] eskuragarri dugun informazio, ezagutza eta zerbitzuen iturri mugagabea da. Eta beraz, mugagabetasun eta neutralitate ezaugarriek eskutik helduta joan behar dute interneten eremuan, halabeharrez.

Neutralitateak interneteko sarean zirkulatzen duen informazio trafikoaren tratamenduari egiten dio erreferentzia eta tratamendu horrek informazio motaren aurrean itsu jokatu behar duela defendatzen du. Berdin dio zer bidali edo jasotzen dugun. Neutralitateak sareko trafikoa ez jerarkizatu eta lehentasunak ez markatzean datza. Informazioa informazioa da, iturri, izaera, helburu eta urgentzia adierazleak ezberdinak izan arren. Sareak itsu jokatu behar du, informazioaren autopista izatera mugatuz, eta ordainsari berbera jarriz informazioz beteta iristen diren berebil mota guztiei. Ordainsariak, gainera, printzipioz, bakarra izan behar du: sareko konexioa, ez besterik.

Baina sareak eboluzio ikaragarria jasan du eta interes ezberdinak piztu dira. Sareak duen potentziala oinarri, berezko neutralitateak lagunak eta etsaiak ditu gaur egun: jada ez da berezko edota oinarrizko printzipio edo izaeratzat hartzen. Berezko neutralitatearen beharrezkotasuna zalantzan jarri zuten iaz AEBetako Internet Zerbitzuen Hornitzaileek. Hauek telekomunikazio enpresak dira, interneterako konexioa ematen digutenak, ez besterik. Eta konexiora mugatzen direnez, internetek duen potentzialarekin aberatsago nola bihurtu pentsatzen hasi ziren.

AEBetako telekomunikazio enpresek [Cisco Systems eta The Bell, adibidez], irabazi ekonomikoak helburu, neutralitatearen printzipioa deuseztatu nahi izan zuten, horretarako sareko informazioa kontrolatzea proposatuz. Internet abiadura ezberdineko bi saretan banatzea planteatzen zuten: bat bestea baino azkarragoa; eta noski, bat bestea baino garestiagoa. Gehiago ordaintzen duenak lehentasuna izango du. Gehiago ordaintzen duenaren informazioak azkarrago zirkulatuko du. Beraz, sarea autopista hutsa izatetik, ordainsari ezberdinekin funtzionatzera behartu nahi zuten. Betikoa, abantaila guztiak diru gehien duenarentzat, edota gehien ordaintzeko prest dagoenaretzat. Hori zen AEBetako telekomunikazio enpresen proposamena. Irabazi ekonomikoen antsietateak interneten berezko neutralitatearen etsai bihurtu ditu. Eta hor sortu zen berezkoa zena erregulatzeko beharra. Lehen inork ez zuen interneten neutralitatea zalantzan jartzen. Baina iaz, telekomunikazio enpresen eraso posibleak neutralitatea bera legediaren aterpean definitzeko urgentzia mahaiganeratu zuen.

Eta hortan saiatu ziren neutralitatearen lagunak. Gezurra badirudi ere, Google, Amazon, Yahoo eta Microsoft bezalako enpresak neutralitatearen defendatzaile sutsu bilakatu ziren. Baita www-ren asmatzaile Tim Berners-Lee ere. Telekomunikazio enpresek ez dutela informazio motaz kezkatu behar esaten zuten. Dena berdina dela. Telekomunikazio enpresen lana konexioa bermatzera mugatzen dela. Eta horren gainean berdintasunean lan egin behar dela. Ez duela inork trafikoa kontrolatu behar. Eta internetek guztiona eta guztiontzat izan behar duela: baldintza berdinak oinarri hartuta. Erabiltzaileok defendatzen dugun internet ireki eta neutralarekin jarraitzea aldarrikatzen dute.

Eztabaida sakona izan zuten AEBetan. Baina ez zen ezer lortu. Internetek lehen bezelaxe jarraitzen du, neutrala izaten baina neutralitatea erregulatu gabe. Erregulatzea ez zen planteatu ere egin beharko, baina neutralitateak etsaiak dituen unetik, neutralitatea kontzeptua legedian zehaztea beharrezko bihurtu zen. Ez zen erregulatu. Ez zen onartu. Eta beraz, hurrengo urteetan telekomunikazio enpresek bi abiadurako internet sarea sortzeko bideak irekita jarraitzen du. Mehatxatuta jarraitzen dugu. Eta, egia esan, beldurra ematen du. Internetera konektatzeko aukera hutsak herrialde ezberdinen arteko desorekak nabarmentzen baditu, pentsa desoreka horiek nola haziko diren inoiz bi abiadurako sarea sortzea lortzen badute.

Internet eta teknologia berriak munduko desoreken ispilu dira, baina ezberdintasun horiek gainditzeko balio duten tresnak ere badira. Baina noski, estrategikoki horretara bideratzen badira bakarrik. Adi, beraz, interneten eremuan klase sozial ezberdinak sortzea berdintasun teknologikoaren kontrako beste atentatu bat baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo