Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea
Xiomara
Xiomara Castro de Zelayari egunkari honetan Joseba Vivancok egindako elkarrizketari esker, berriz bizi izan ditut garai bateko uneak eta pertsonaiak, berak ondo azaldu zuenez 1991. urtean eta Londresen egindako V. Munduko GIB/hiesarekin bizi ginenen topaketetan, ehunka lagunek hartu genuen duintasunarekin bizitzeko konpromisoa eta hor koka dezakegu, besteak beste, ICWren sorrera.
Ziurrenik Xiomarak elkarrizketan azaldutakoak ez dira hain ondo ulertuak izango bertan egon ez zirenentzako, baina asko eztabaidatu ondoren adostutako lehenengoko urrats ausarta eman genuen batera, prest geundelako arazoak arazo, toki guztietan autolaguntza taldeak sortzeko, bakoitzari bere beharretan laguntzeko.
Inork gutxi jakingo du garai horretan botikak frogatzerakoan ez zirela kontuan izaten emakumeek dauzkaten berezitasunak, horrela gizonezkoentzako balio zuenak ez zuelako emakumeentzako eragin bera izaten, baina ez zen hori arazo bakarra, gehienetan emakumea bera GIBduna izan arren, bere egoeraz ahazturik dena ematen zuelako bere seme-alaba, bikotekide edo gurasoak zaintzeko.
Egia esan, bertan egon ginenentzat ere gogorra izan zen konturatzea inoiz ez genuela emakumea behar zen modura tratatu edo kontuan izan, azken finean gizartean ematen zen zapalketa ere hor zegoelako, gure artean ondo erroturik, gainera gehienak gizonezkoak ginen, kolektibo eta kontinente ezberdinetakoak baina gizonak, beraz nola lortu gutxiengoentzako errespetua?
Harritzekoa bada ere, emakumeei zuzendutako lehenengo proiektuak egin genituenak gizonezkoak izan ginen Euskal Herrian, ez zegoelako Londresera joandakoen artean emakumerik, hori bai, emakumeak konprometitu eta proiektuan sartu ziren unetik, itxaro behar zen modura, utzi genien zegozkien tokia eta antolaketa.
Hasieran negar asko egin genuen batak bestearen minak sentituta, baita barre ere ilusioz betetako pertsonak zeudelako, eta azkenean konturatu ginen beharrezkoa zela artean lortu gabeko helburuak lantzea; antolaketa, autolaguntza taldeak bultzatzea eta espazio ziurrak lortzea eta gehienbat duintasunarekin bizitzea edonon, horretarako ikasi behar genuen ezberdintasunari errespetua izaten eta emakumeei zegozkien eskubideak onartzen.
Helburu errazak aipatzeko eta gogoratzeko baina egun lortzeko daudenak, Topaketa hartatik hona hamasei urte pasatuak dira, Xiomarak ondo azaltzen duenez ICW sortzaileetatik bost baino ez dira bizirik geratzen baina eurei esker askok irribarre bat daukate aurpegian duintasunarekin bizi direlako, ez da lan makala izango egindakoa baina kontziente izan behar gara gizarteak oraindik ez duela behar zuen urratsa eman, eta hor daukagu gure helburuen muga.
1991. urtean Euskal Herritik lau lagun joan ginen zer aurkituko genuen jakin gabe, etortzerakoan lanean hasi ginen eta ez zen hain zaila izan helburu batzuk lortzea, baina azkar sortu ziren hiesaren aurkako hiritar batzordeetan krisiak eta zatiketak interes ezberdinak kolokan jarri zirelako, osasun arduradunek ere beldur handiagoa ziguten GIB/ hiesdun antolatuei profesionalei baino. Baina dena aldatzen hasi zen hiritar batzordeetan.
Indar asko galdu ondoren gure eskubideak aldarrikatzen, esan dezakegu oraindik asko dagoela aldatzeko. Joandakoetatik neu geratzen naiz baina irakurri ditut Xiomarak esandakoak eta aldarrikatzen dituenak, eta momentu haietako adorea freskatzen zait. Eskerrik asko Xiomara eta ICWko emakume guztiei.