Ertzaintzak gazte bat atxilotu du Gasteizen kale erasoak egitea egotzita
Polizia autonomikoak Joseba Mikel Otxoa gaztea atzeman zuen atzo goizean, Gasteizen. Askatasunak esandakoaren arabera, ez dute inkomunikatu, eta, beraz, litekeena da gaur hartzea deklarazioa epaileak.
Ertzaintzak atzo goizean Joseba Mikel Otxoa gasteiztar gaztea atxilotu zuen, kale erasoak egitea egotzita.
Askatasunak jakinarazitakoaren arabera, goizeko zortziak aldera atzeman zuen Polizia autonomikoak Otxoa, lanerako bidean zihoala, etxeko garajean bertan. Atxilotutakoan, haren etxea miatu zuten; Donostia kaleko 12. zenbakian, hain zuzen ere. Eguerdiko ordu batean berriz ere Ertzaintza etxebizitzan sartu zela jakinarazi zuen errepresioaren aurkako antolakundeak.
Berri agentzien esanetan, ordu eta erdiko miaketaren ostean Poliziak kaxa bat atera zuen etxebizitzatik. Etzaintzaren arabera, dokumentazioa zeramaten bertan. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, «oraingoz» ez du beste atxiloketarik egiteko asmorik.
Errepresioaren aurkako antolakundeak zabaldutako oharrean, Otxoa ez dutela inkomunikatu nabarmentzen dute, eta bihar Auzitegi Nazional espainolera eramango dutela baieztatzen dute.
Honakoa ez da kale erasoak egotzita egindako atxiloketa bakarra. Hilaren 10ean, Polizia espainolak Gasteizen eta Agurainen lau gazte atxilotu zituen, arrazoi bera leporatuta. Haietatik hiru, Gorka Velasco, Koldo Moreno eta Xabier Fernandez de Gamarra, behin-behinean kartzelan sartu zituen epaileak. Urko Arroyo, aldiz, aske gelditu zen epaileak deklarazioa hartu ostean.
Askatasunak gogor gaitzetsi zuen bai Gasteizen bai Estatu frantsesean jazotako atxiloketak. Haren ustez, errepresioa «estrategia politikoa» da; Euskal Herriaren hitza, erabakia eta izateko eskubidea «ukatzen duen gezurrezko demokraziaren inposizioa», nabarmendu zuenez.
Lakuako Gobernua osatzen duten EAJ, EA eta EB alderkiak «hipokritatzat» jo ditu Askatasunak. Gizartearen aurrean «propaganda politikoa» egin arren, oinarrizko eskubideen aurka errepresio sistemaren «partaide aktiboak» direla gogor salatu zuen.
Kale erasoa Burlatan
Beste alde batetik, asteazken gauean, ezezagun batzuek molotov koktelak jaurti zituzten UPNk eta PSNk Burlatan dituzten egoitzen kontra, baita Banco Santander banketxearen aurka ere. Hiru erasoetan ez da kalte pertsonalik izan, Gobernu espainolak Nafarroan duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez; kalte materialak, berriz, «arinak» izan direla adierazi dute.
Ohikoak diren gaitzespen mezuak hedatu ziren atzo Gobernu espainolaren Nafarroako Ordezkaritzaren eta UPNren, PSNren, EBren eta EAJren ahotik.
Atzo iluntzean herri batzarra egin zuten gaztetxean. Gaurko, berriz, manifestazioa antolatu dute 21.00etan Andra Mari Zuriaren plazatik, «30 urte demokrazia gabe, aski da! atxilotuak askatu» lelopean.
Errepresioak gatazka inoiz ez duela konponduko ohartarazi du Askatasunak; eta Estatu espainol eta frantsesak hautatutako «gerra estrategia» albora dezatela exijitu du.