Lopez de Gereñuk AHTren aurka egitea «zilegia» dela esan du
Nuria Lopez de Gereñu Lakuako Gobernuko Garraio eta Obra Publikoen sailburuak Abiadura Handiko Trenaren aurkako iritzia izatea «zilegia» dela adierazi zuen, betiere «era baketsu eta demokratikoan» azaleratzen bada.
Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketa batean, Lopez de Gereñu euskal «Y»aren proiektua onartzen ez duten guztiei zuzendu zitzaien zehaztuta dagoen ibilbideari «alternatiba bat» proposa diezaioten. Euskal Herrian garraioak sortzen dituen buruhausteei dagokienez, «herritarrek eguneroko bizitzan dituzten arazoei irtenbide bat» planteatzen ari zaiela eta «AHTren proiektua gizarte honek garraioa dela-eta bizi duen arazoari erantzun bat emango dion interes orokorreko azpiegitura» dela gaineratu zuen.
Hala, sailburuak adierazi zuenez, gisa horretako azpiegiturekin eta ekimenekin beren helburua «garraio sistema orekatu bat lortzea da». Xede hori lortzeko, «iraunkorragoak izango diren beste garraiobide batzuk» indarberritu behar direla nabarmendu zuen aginta- riak, eta «bestelako garraiobide» horien artean trena eta itsaso bidezko garraioa aipatu zituen.
Beste alde batetik, Lopez de Gereñuk «oso albiste garrantzitsutzat» jo zuen Garraio Sailak Ordizia eta Itsasondo arteko obrak hasteko baimena eman izana. Beraz, epe laburrean AHTren obrak Gipuzkoan ere martxan jartzea begi onez ikusi zuen sailburuak. Gainera, honako hau adierazi zuen: «Lizitazioa onartuz gero, prozedura administratibo bat falta da obra fisikoak has daitezen». Azkenik, obrak udaren ostean hasi nahi dituztela adierazi zuen Lopez de Gereñu sailburuak.