GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekologistek bost parke eoliko txarretsi dituzte

Hainbat talde ekologistak Euskal Herrian eraikitzekotan diren bost haize-parke txarretsi ditu, babestutako naturguneetan eta Red Natura 2000ren barrenean dauden tokietan eginen lituzketelako. Lakuako Gobernua proiektuen baimenak bideratzen ari da.

Arabako Erriberagoitian, Haranan eta Iturrietako mendietan parke eolikoak eraikitzekotan dira, baita Zuiako eta Orozkoko Kolometan eta Errezilgo Gazumen ere. Gasteizko Gobernua baimenak bideratzen ari da, baina hainbat talde ekologistak proiektuak geldiarazteko eskatu du, babestutako gune naturaletan eta Red Natura 2000ko tokietan eginen liratekeelako. Ekologistak Martxan, Eguzki, Izate, Hontza, WWF/Adena, SEO/Birdlife eta idatzia sinatu duten gainerako elkarteen arabera, gune horietan ez litzateke gisa horretako plangintzarik egin behar.

Klima aldaketa munduko bioaniztasunaren eta gizakien mehatxu handienetakoa da. Hala baieztatzen dute ekologistek, eta mehatxuari aurre egiteko energia berriztagarriak erabiltzea onuragarria dela pentsatzen dute; bertzeren artean, haize-energia. Erregai fosilen mendekotasuna gutitzen dute, baita negutegi efektua eragiten duten gas kaltegarriak eta hondakin nuklearren ekoizpena ere. Hargatik daude ingurumena babesten duten elkarteak energia berriztagarriak erabiltzearen alde; eolikoa ere bai.

Hala eta guztiz ere, energia horiek ekoizteak ondorio arriskutsuak izan ditzake naturan. «Haize-energia aldaketa klimatikoari aurre egiteko bide bat bezala aurkezteak gauza bat exijitzen du: babestu nahi dituen balore naturalak bereziki zaindu behar ditu bere garapenak».

Horregatik, orokorrean, ekologistak eta ingurumena zaintzen dutenak ados daude ideia batean: babestutako gune naturalak eta Red Natura 2000ren barrenean daudenak ezin dira haize-energiaren inguruko plangintzak egiteko erabili.

Lurraren %20 bakarrik

Naturgune babestuak eta Red Natura 2000ko tokiak Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren lurraldearen %20 bakarrik dira. Horregatik baieztatzen dute talde ekologistek leku horietan parke eolikorik ez egiteak ez diola energia berriztagarri horren garapenari inongo oztoporik paratzen.

Honako elkarteek sinatu dute Lakuako Gobernua baimentzekotan den bost proiektuak geldiarazteko idatzia: Plataforma para la Implantacion Racional de la Energia Eolica en Euskadi, SEO/BirdLife, WWF/Adena, Instituto Alavés de la Naturaleza, Hontza Natura Elkartea, Izate Ingurugiroaren Taldea, Lanius Ornitologi Elkartea, Eguzki, Arabako Natura, Ekologistak Martxan, Sociedad para el Estudio de las Aves Rapaces eta SEO-Donostia, bertzeren artean.

Hamaika elkarte

Sagarrak Talde Ekologista, Inguru Naturalaren Alde, Ekolan Elkartea, Eguzki, Izate, Hontza, Itsas Enara Ornitologi Elkartea eta bertze hainbat talde dago bost parke eolikoak egitearen aurka.

gune babestuetan

Babestutako naturguneetan eta Red Natura 2000ren barrenean eginen lituzkete proiektuak. Horregatik egiten dute ekologistek gelditzeko deia; ez haize-energia erabiltzearen aurka daudelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo