Kritika
Chick Corea eta Gary Burton, hamar hatz eta lau mazaren zintzotasun aratza
Anartz BILBAO
Lagun minak omen dira Gary Burton eta Chick Corea. Bistan da. Richard Galliano soinu-jotzailearekin batera Trinitate plazako jazz egitaraua ireki zuten herenegun, modu paregabean ireki ere.
Badira 35 urte Massachusettseko pianistak Indianako lagun bibrafono-jotzailearekin batera lehen diskoa argitaratu zuenetik, Montreauxeko jaialdian zuzenean grabatua, eta ospakizunetan dihardu bikoteak «The Return of the Crystal Silence Duets» ikuskizunarekin. Coreak ondo ezagutzen du Donostia, baita donostiar jazzaren zaleek bera ere. Gogoangarriak ditu 1981 eta 83ko eta 2002ko emanaldiak 1998an Donostia Jazzaldia saria jasotako artista irribarretsuak.
Iluntze aldera Richard Gallianoren boskoteak inauguratu zuen mukuru zen plaza. Cannesko soinu-jotzailea Astor Piazzolla tango egilearen miresle sutsua dugu eta aurten plazaratu berri duen «Tangaria» lanean oinarritu zuen zuzenekoa, tangoak eta ariak uztartuz. Oholtza gainean Galliano- rekin batera Marc Bertaux kontrabaxua, Rafael Mejias perkusio jotzailea, Alexis Cardenas arrabita jotzailea eta Clarence Penn bateria-jotzailea.
Hurbilekoa eta fina iruditu zitzaigun zuzenekoan, tartean boskotea tartean kontrabaxua lagun, aipatu laneko bederatzi kantu jo zituen, bost lehenak errenkadan, «Tango pour Claude» kantarekin hasi eta «New York Tango» kantarekin bukatzeko. Bereziki ederra egin zitzaigun ahoko soinuarekin egindako lana.
Chick maisua agertzerako zirrara berezia nabari zen Trinitateko zulo atseginean. Giro etxekoia sortzen da han, eta horrela azaldu ziren musikariak ere. Elkarlanean egindako lehen lana gogoratu eta aurkezpen txiki baten ondoren jotzeari ekin zioten artista biek.
Elkarrekin plazaratutako «Native Sense: The New Duet» azken lanean oinarritu zuten jarduna, «Love Castle» kantuarekin hasita. 1997an Stretch Records zigiluan argitaratutako laneko «Native Sense», «No Mystery» edo «Armando´s Blues» ere entzun genituen. Tartean, «Crystal Silence» ¯aipatu lehen diskokoa¯, Bub Powellen omenezko kantua, Corearen konposaketarik ospetsuenetarikoa den «Fiesta» ¯jakina da Chickek flamenkoarekin duen zaletasuna¯, sortu berri duen ildo bereko «Alegria», gurean estreinakoz jo zuena edo Bill Evansen «Waltz for Debbie». Etxean baleude legez, atsegin handiz txandaka aurkeztu zituzten kantuak Chick umoretsuak eta lau maza darabiltzan Gary Burtonek.
Ikusgarria da artista bien artean lortzen duten konplizitatea, musikari bakarra balego legez soinu argi, liluragarria sortuz. Bisetan, inprobisazioaren txanda heldu zen eta piano-jotzaileak Rubem Dantas perkusio-jotzaile bahiarra gonbidatu zuen kaxoia jo zezan, berak Gary bibrafonoan laguntzen zuen bitartean. Entzuleen laguntza eskatu zuen orduan, jendeak ahotsarekin berek jotakoa errepikatzeko. Emaitza talamalgarria, noski, baina denok pozik eta gustura.
Kontzertu txundigarriaren ondoren, Bela Fleck banjo-jotzailearekin batera Concord Records zigiluan aurten argitaratutako «The Enchantment» diskoko aleak sinatzeko beta ere hartu zuen Coreak, Trinitate plazan Charles Mingusek duen oroitarriaren azpian.
Oraindik txundituta, hondartzarantz abiatu ginen Living Colourren doinu trinkoez gozatzeko. Argi itsugarritik iluntasunera. Baina hori beste kontu bat da...