GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berangoko, Pitillasko eta Puiuko suteak inor kaltetu aitzinetik kontrolatu dituzte

Berangoko Karabingane auzoan ke-laino eta gar handiak izan ziren atzo. Sasiak erre baziren ere, etxeetara ailegatu aitzinetik kontrolatu zituzten. Pitillasen eta Puiun ere itzali zituzten suteak; kalte guti izan zen.

Suhiltzaileek atzo eguerdian Berangoko Karabingane auzoan piztu zen sua kontrolatzea lortu zuten eta, horri esker, ez zituzten inguruko etxeetatik bizilagunak aterarazi behar izan. Udalak jakinarazi zuenez, ke-laino ikaragarria sortu zen mendi gunean, Arene industrialdetik hurbil, baita gar handiak ere, eta sastrakak erre ziren. Memento batean suteak auzotarrei ere eraginen ziela pentsatu zuten, baina azkenean ez zen horrelakorik gertatu.

Hamabiak hamar guti aldera jakin zuen Ertzaintzak sutearen berri, eta berehala joan ziren sastrakak erretzen ari ziren mendi gunera poliziakideak eta suhiltzaileak. Herriko alkate Ana Landak adierazi zuenez, horiek egindako lanari esker suak «ez zuen inongo arriskurik».

Nafarroan ere bai

Pitillasen eta Puiun ere izan zen suterik atzo, baina garrantzi gutikoak izan ziren, suhiltzaileen lanari esker ez baitzuten kalte handirik eragin. Hamar bat hektarea erre ziren guztira.

Nafarroako Gobernuak idatzi batean azaldu zuenez, lehenengo abisua 14.15 aldera jaso zuten, Iruñea eta Castejon lotzen dituen trenbidean txinpartak sortu eta Imarkoain eta Puiu artean suteak eragin zituztenean. Suhiltzaileek ia 19.30ak arte jardun zuten lanean. Denetara, sute hauetan zazpi hektarea uztondo erre ziren eta sasien bertze bat ere bai. Altarrasan izan zen bigarren sutea, Pitillas eta Murillo el Cuende artean, 18.25ean. Ordubetean itzali zuten, eta hiru bat hektarea uztondo erre ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo