Udako torneoak
Irujok beste pixka bat itxaron beharko du itzultzeko
Mikel Goñik atzo Ordizian galdu zuen, baina gaur hotel batean egingo duten Gasteizko Andra Maria Zuriaren aurkezpen ekitaldian egongo da
Jon ORMAZABAL | DONOSTIA
Juan Martinez de Irujok beste pixka bat itxaron beharko du berriz ere partidak jokatzen hasi aurretik. Asteazkenean, 23 egun geroago, pilota berriro ere ukitu bazuen ere, atzo beste proba bat egin zuen, eta Aspeko ordezkariek presarik gabe itxarotea erabaki dute, ondo osatu arte. Horiek hala, aurrelari nafarrak oso zail izango du gaur aurkeztu eta datorren astean jokatuko den Gasteizko Andra Mari Zuriaren torneoan parte hartzea.
Uztailaren 1ean, Barriolaren aurka Zarautzen lau eta erdian jokatzen ari zela min hartu zuen sorbaldan Martinez de Irujok, eta lesio horren erruz ezin izan zuen sanferminetan jokatu. Udako bigarren torneoa ere kolokan du aurrelariak, hilabete jokatu gabe egon ostean, halako torneo bat jokatzea gehiegizkoa izan baitaiteke.
Mikel Goñiren aukera
Iberokoaren hutsuneak Gasteizko ateak zabal diezazkioke Mikel Goñiri, gaur egun, Titinez gain, frontoira jenderik gehien erakartzen duenari. Enpresaren asmoa Oronozkoa sanmateoetan itzultzea bazen ere, Martinez de Irujo ez egoteak Goñi II.ari leku bat egin diezaiokeen zurrumurruak zabaldu ditu Arabako hiriburuan.
GARAk atzo jakin izan zuenez, Mikel Goñi gaur goizeko torneoaren aurkezpeneko izarra izango da, berriro ere eliteko jaialdi bateko protagonistetako bat izango delako. Enpresak ez du torneoan edo urtero antolatzen dituzten partida berezi horietako batean egongo den argitu nahi izan, baina protagonismoa izango du itzuli eta hilabete batera.
Ordizian izan zen atzo aurrelaria, eta astelehenean Ermuan bikain aritu bazen ere, atzo ezin izan zuen hogeita bigarren kartoira heldu, Urberuaga lagun zuela, Eugiren eta Arrutiren aurka 22-15 galdu baitzuen.
Partidak jokatzen eta irabazten jarraitzen duena Titin da. Jaialdiko estelarrean, Triciokoak eta Laskurainek 22-12 irabazi zieten Xalari eta Pascuali, epaileen hiru erabaki polemikok baldintzatutako neurketan.