GARA > Idatzia > Kirolak

Aizkora

Atutxa gazteak bizkaitarren itxaropena indartu egin du

Bera izan zen Hirugarren Mailako kanporaketako onena, eta berarekin batera, Otaegik, Lasak, Zubizarretak, Aierbe II.ak eta Mugertza II.ak ere lortu zuten atzo Astigarragan finala jokatzeko txartela

Jon LEUNDA | ASTIGARRAGA

Aitzol Atutxak Bizkaiko aizkolaritzaren itxaropena piztu du, eta atzo Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa irabazi egin zuen. Bera da gazte mailako txapelduna eta helduen mailan egin duen lehen saioa ere beregantu egin du, gazteen maila gainditu egin baitu. 19 urteko gazte honengan itxaropen handia jarri dute, ez bizkaitarrek bakarrik, baita gainerako zaletuek ere.

Berarekin batera, Otaegi, Lasa, Zubizarreta, Aierbe II.a eta Mugertza II.a sailkatu ziren. Guztira, 22 kirolari neurtu ziren atzo Astigarragako plazan. Lau multzotan banatuta aritu ziren, eta bakoitzak lau kana-erdiko moztu behar izan zituen. Jendeak erantzun bikaina eman zuen, plaza erabat bete baitzen.

Lauren artean lehen multzoa izan zen onena, izan ere, amaierako sailkapeneko hiru onenak multzo horretakoak izan baitziren. Atutxa nagusitu zen Otaegiren eta Lasaren aurretik.

Bigarren multzoa izan zen eskasena. Bakarra sailkatu zen, multzoko irabazlea, Zubizarreta, baina besteek nahiko denbora eskasak egin zituzten.

Hirugarren multzotik ere bakarrak lortu zuen sailkatzea, Mugertza II.ak. Bera izan zen multzoko onena, eta amaieran seigarren denborarik onena izan zuen, izan ere, 22 kirolari ziren lehian, baina sei onenak sailkatzen ziren. Azkeneko multzotik ere bakarra sailkatu zen. Aierbe II.a izan zen multzoko onena. Azken saioak ez dauka oraindik ez lekurik, ezta egunik ere.

Atzoko bitxikeririk handiena Iker Gorritik eta Unai Aldapek eman zuten. Hirugarren txandan aritu zen Gorriti eta hurrengo txandan aritu behar zuen Aldaperen loteko enbor bat moztu zuen; Aldape lanean hasi zenean, ordea, ez zuen Gorritiren loteko enborra moztu nahi izan, eta hirugarrena amaitu zuenean, uztea erabaki zuen, laugarrena moztu gabe utzita.

Txapeldunen Liga

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako beste jardunaldi bat jokatu zen Gasteizen, eta Larretxea nagusitu zen. Berarekin batera, Olasagasti eta Etxebeste aritu ziren. Azken hori Arria V.aren ordez aritu zen, lan kontuak medio, errezildarrak ezin izan baitzuen lehiatu.

Nafarrak saioko proba guztiak irabazi zituen. Olasagasti, 60 ontzakoarekin ez beste guztietan bigarren izan zen, eta aipaturiko enbor horrekin ez beste guztietan, berriz, azkena geratu zen Etxebeste.

Gaur, berriz, Donazaharren jokatuko dituzte Ipar Euskal Herriko Txapelketa guztiak, 21.00etan hasita. Sega eta aizkora ez beste kirol guztietako txapeldunak erabakiko dira. Segan ez da lehiaketarik izaten, eta aizkoran, berriz, pasa den asteburuan jokatu zuten eta Mailloek jantzi zuen txapela.

Falta zirenak

Izena emanda zeuden aizkolarien artean, bi falta izan ziren atzoko saioan, Perez Villarrealek eta Jauregik ez baitzuten parte hartu. Bai Nafarrak, baita arabarrak ere iragarri zuten aurretik azkenean ez zirela lehiatuko.

Gipuzkoarrak

Bizkaitarra izan zen atzo nagusi, baina finalean izango diren gainerako aizkolari guztiak gipuzkoarrak izango dira. Nafarroan indar handia dauka kirol honek, baina azken saioan ez dute inor izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo