GARA > Idatzia > Editoriala

Ondarroarrek aukeratu ez duten politikari profesionalez osaturiko gestora

EAE-ANVk deituta, greba orokorra egin zuten atzo, Ondarroan. Halako protestak egiten direnean, ika-mikak parte-hartzearen ingurukoak izaten dira, eta gehienetan grebaren arrazoiak bigarren maila batean gelditzen dira. Eztabaida amaigabe horretan gehiegi luzatu gabe, Donostian badirela urte batzuk egin zuten antzeko protesta baten karira eskarmentu handiko kazetari batek idatzi zuena gogoraraztea egokia izan daiteke. Hitz bat gora edo behera, honela bukatu zuen zutabea Mariano Ferrerek: «Ez dakit grebak jarraipen handia edo txikia izan zuen; atzo lanegun izanik hiri honetan igandea zela zirudiela bakarrik dakit». Segur aski, Ondarroara joan zirenek antzeko inpresioa izango zuten. Denda, obra, zerbitzuetan... lanuzte deialdiak oso erantzun zabala izanik, Ondarroak, ostegun izanik, igande itxura hartu zuelako.

Izan ere, maiatzaren 27ko hauteskundeez geroztik egun normalik ez dago kostaldeko herrian, bederen politikan, giroa guztiz ozpinduta dagoelako. Mendexan bezala, Ondarroan «legez kanpoko» hautagaitzak atera ziren irabazle. Horrek arazoa sortzen zuen, bistan zen. Hala ere, ezin da ukatu aukerak izan bazirela, lege espainolean barne, gaur gertatuko den egoera saihesteko. Bizkaiko Foru Aldundia gotorleku bilakaturik -kazetariei bidalitako gonbitean aipatzen da batzarrean sartuko direnek bertan egon beharko dutela bilerak irauten duen bitartean, eta atera nahi izanez gero ezingo direla berriz salan sartu- udal gestora osatuko dute. EAJ, EA eta EBko zinegotziek kargua uzteari ekin ziotelarik, Ondarroan bizi den gobernu ezaren egoera gainditzeko aitzakiaz, jarduera politikoa Ondarroatik kanpo duten hautagaiekin udal gestora bat osatzea erabaki zuen EAJko zuzendaritzak. Ondorioz, Josune Ariztondo EBBko idazkariak ez ezik beste zortzi goi karguk ere gestora osatzeari ekingo diote gaur. Haiekin batera, EBk bere eserlekua hartuko du -Ondarroatik kanpoko ordezkari baten bidez- eta PPk bere lehendabiziko hautagaia izendatuko du. Eusko Alkartasuneko eledunak izan dira kargua hartzeari uko egin dioten bakarrak, eta bere bi eserleku hutsik geratuko dira.

27 botu soilik izanda, PPk Lizartzako alkatetza hartzeak ez zilegitzat hartu duten guztiak aitortu beharrean daude boz bat ere jaso ez duten politikari profesionalek Ondarroan gobernatzeak demokrazia guztiz kolokan jartzen duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo