GARA > Idatzia > Kultura

«Erakusketarik handiena» aurkezteko Tabako Fabrikara jo du Schnabelek

Formatu handian egindako hirurogeita hamar margolan eta hainbat eskultura bildu ditu Donostiako Tabako Fabrikak Julian Schnabel artista polifazetikoari eskaini erakusketan. «Summer» erakusketak eraikinaren beheko solairua ia osorik bereganatu du eta estatubatuarrak 80ko hamarkadatik egun arte garatu duen ibilbide artistikoaren isla da. «Arte garaikidea erakusteko munduko lekurik onenetarikoan nago», nabarmendu du pozarren artistak.

p050_f02_101x180.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

«Hauxe da munduan arte garaikidea erakusteko dauden lekurik onenetarikoa». Pozarren eta harrotasun puntu batekin aurkeztu zuen atzo Julian Schnabelek (Brooklyn, New York, 1951) Donostiako Tabako Fabrikara ekarri berri duen «Summer» izenburuko erakusketa erraldoia. Erraldoia, bertan bildu dituen artelan oro, edo gehien-gehienak, formatu handian egindakoak direlako. Eta, erraldoia gainera, berak atzo nabarmendu zuen bezalaxe, sekula ez baitu izan aukerarik hainbeste lan batera plazaratzeko.

Hain zuzen ere, Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunea bilakatzeko denbora gutxi barru birmoldaketa jasango duen zentroko zuzendari nagusi Joxean Muñozek argitu zuen hasieratik Schnabeli zirrara egin ziola eraikin handiak, batik bat bere industria izaera eta historiaren pisua, artean, mantendu egiten baititu. Hori dela-eta, bere belaunaldiko artistei buruzko talde erakusketa bat antolatzea proposatu zien iaz estatubatuarrak. Baina, Tabako Fabrikakoek ideia begi onez hartu zuten arren, eraikineko espazioak bere lan propioekin betetzeaz Schnabel ardura zedila izan zen horren harira egin zioten gonbidapen zuzena. Hori hala, eta artistak bere lana Donostian erakusteko interes berezia zuela kontuan hartuta -hiriarekin lotura estua baitu-, gonbidapen zehatz hari erantzuna eman eta orain aurkezten duen «Summer» erakusketa atondu du.

New Yorkeko MoMA Arte Modernoko Museoak ere ez dituen espazioak antzematen ditu Schnabelek Donostiako eraikinean. Nolabait horrekiko «pasioa» agertu zuen atzoko aurkezpenean eta une batez hiriko Odon Elorza alkateari ere galdegin zion ez dezala eraikina erreformatzeko arkitektoen lehiaketarik antolatu, «ziurrenik fabrikako nortasuna galduko delako horrela». «Bitxi bat duzue Donostian, ezin aldera daitekeena. MoMAk milioiekin kontatzen du, eta ez du halako espaziorik», nabarmendu zuen, Bilboko Guggenheim bera baino «askoz interesgarriagoa» ere badelakoan.

Hala bada, eta eraikinari ahalik eta etekinik handiena atera nahian, beheko solairua ia bere osotasunean bete berri du artistak. 19 areto ezberdin ikus ditzake bertan bisitariak, eta horietan barna 70 margolan zein eskultura handi. Atzo azaldu zuenez, bere asmoa fabrikako solairu ezberdinak baliatzea zen hasieran, baina, segurtasun kontuengatik, eraikineko arduradunek solairu bakarra prestatu nahi izan dute.

Ibilbide oparo baten erretratoa

«Summer» (uda) izenburua hautatu du Julian Schnabelek bere erakusketarentzako. Berak lan egiteko duen moduarekin zerikusia duen izena da. Hots, estatubatuarrarentzat uda da urtarorik emankorrena kanpoan lan egin ahal izaten duelako eta, hala, naturari berari margolanetan sartzeko bidea ematen diolako, bere esanetan. Ideia hori islatzen duen idatzirik ere aurki daiteke artelanen artean.

Tabako Fabrikara ekarri dituenak Europako nahiz AEBetako hainbat bildumagile pribaturen esku -besteren artean, Bruno Bischofberger, Gian Enzo Sperone eta Marco Voena- dauden lan hautatuak eta bere bilduma pribatuko beste zenbait lan dira.

Nolanahi ere, orain artean sekula erakutsi ez diren artelan batzuk, zein berriak diren beste zenbait pieza ere bildu ditu «Summer»ek. Esate baterako, azken multzo horretan leudeke 2006ko «Flaubert´s Letters to his Mother» edo «Surfer Painting» sailekoak, eta lehenago elkarren ondoan erakutsi ez diren sailak, 1996ko «Hat Full of Rain» eta 1989ko «Treatise of Melancholia» sailak, adibidez.

Eskulturak ere badira ikusgai, zazpi guztira, «Oliver Cromwell», «Si Tacuisses» eta «Esso Ess», tartean. Prentsaurrekoaren ostean, nolabaiteko bisita gidatua egin zuen artistak kazetariekin, eta orduan azaldu zuenez, lan horietako batzuk Donostian bertan sortu zituen, denboraldiak egiten baititu hiriburuan duen etxean lanean buru belarri.

Dena den, eskultura arloan aritzen den arren, estatubatuarrak aurkezten duen erregistro aniztasunean beti da nagusi margolariaren ikuspuntua. Berak argi azaltzen du: «Neure burua margolari ikusten dut, eskulturak egiten baditut ere».

Oro har, oraingo honetarako prestatu duen bildumak artistak 80ko hamarkadatik gaur egun arte erein duen ibilbide artistikoa islatzen du.

Zinemaldiarekin bat eginda

Gaur inauguratuko da «Summer» erakusketa «erraldoia», eta bisitarientzako bihartik aurrera izango ditu zabalik ateak. Gainera, zabalik iraungo du datorren urriaren 21a bitartean, eta hala, bat egingo du Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin -Schnabel da, hain zuzen ere, zinema jaialdian nazioartean duen enbaxadore adierazgarrienetako bat-.

Era horretan, uztartuta geratuko dira artista horrengan ezagunenak diren bi alderdi sortzaileak, hau da, margogintza eta zinema. Izan ere, azken esparru horretan ere nazioarte mailan ospe handiko bilakaera izan baitu nazioartean estatubatuarrak. Horren erakusgarri da, adibidez, berriki Cannesko zinemaldian bertan zuzendari onenaren saria jaso izana «The Diving Bell and the butterfly» filmarengatik.

«PASEO BAT»

«Schnabelen lanean eta Tabako Fabrikako espazioetan barrena paseo bat» bezala definitu zuen Joxean Muñozek erakusketa. Eraikinaren beheko solairua ia osorik hartzen du, guztira 5.175 metro koadro. Formatu handiko 70 pintura eta eskultura biltzen ditu.

KATALOGOA

Erakusketarekin batera, Tabako Fabrikak katalogo bat argitaratu du Skira argitaletxearekin batera. Euskaraz eta gaztelaniaz editatu duten liburu horretan artistak azken 30 urteotan egindako lana aztertu dute. Salgai izango da eraikinean zein liburu denda espezializatuetan.

Fitxa

Erakusketa: «Summer», Margoak eta eskulturak 1982-2007.

Non: Donostiako Tabako Fabrikan.

Noiz: Urriaren 21a bitartean.

Ordutegia: 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 20.30era. (Astelehenetan itxita).

Bisita gidatuak: 12.00etan eta 18.00etan, euskaraz; 13.00etan eta 19.00etan, gaztelaniaz. Taldeentzako bisitak eta bisitak frantsesez eta ingelesez : 677 68 15 47.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo