GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Iñaki Antiguedad EHU/UPVko irakaslea

Hainbat ildo editorialez

Bada garaia ekonomia kritikatzeko, hazkundea bera, ekoizpena-garraioa- kontsumoa kate osoa hartuta, eta ez bakarrik bere ondorio sozial zuzenetan

GARAren irakurle kriterioduna naizen aldetik punturen bat zehaztu nahi nuke azken egunotan izan diren editorial edo editorial moduko batzuen inguruan, egunkari bateko txoko horrek irakurleei gogoetarako bide egokia eskaini behar dielakoan. Horra, uztailaren 13an Euskadiko Kutxa-Caja Laboralek aurreko egunean Hego Euskal Herriaren egoera ekonomikoaren gainean kaleratutako txostenaz aritu zen, besteak beste, ildo editoriala. Kritikatu egin zuen, halabeharrez GARA moduko egunkari batean, txostengileek ekonomia ondo joateaz azaldutako ikuspegi baikor eta auto- pozezkoa, langileen lan-kalitateaz eta lan-eskubideez ezer gutxi azaldu zutela, ekonomiatik aparteko mundua bailitzan langileon bizimoduarena. Ados. Baina kritika horrek bere horretan dirauela ere, eta ildo editorialetik datorrela, bada, halabeharrez ere GARA moduko egunkari batean, beste kritika zorrotz bat egin beharra, eredu produktibistarena berarena, hain justu, gaur eta hemen globalizazioa mahai gainean eztabaidagai ipini behar den gaia, hain zuzen. «Suena a receta mil veces repetida, tanto si la economía va bien como si va mal. En un caso y otro, es necesario que crezca la capacidad productiva, aunque nada se propone para que ese crecimiento no siga suponiendo una progresiva pérdida de derechos de los trabajadores...». Bada garaia ekonomia kritikatzeko, hazkundea bera, ekoizpena-garraioa-kontsumoa kate osoa hartuta, eta ez bakarrik bere ondorio sozial zuzenetan.

Bestetik, uztailaren 24an, itxura batez aurrekoarekin zerikusi gutxi izan zezakeen beste gai batez aritu zen editoriala, Ingalaterran egun horietan izandako uholde handiez preseski. Klima aldaketaren aipua zekarren editorialak uholdeon kausa gisa, eta, ondorioz, eredu energetikoa aldatu beharrean zentratu zuen irtenbidea, kalteak konpentsatzeari begirako ekimen motza kritikatuz. «Nuevamente una actuación dedicada a compensar daños, que no a corregir la política que está en el origen del problema. Porque si algo es innegable es que si se aspira a combatir seriamente un problema que acucia a todo el Planeta es obligado impulsar ya un cambio de modelo energético». Kontuz! Eredu energetikoa aldatu beharra dago, jakina baietz, baina ez da, inondik inora ere, aldatu behar den eredu bakarra. Ingalaterrako uholde horietan, seguruenik, klimaren aldaketak baino gehiago lurren okupazioaren aldaketak, azpiegiturak barne, izan du eraginik handiena, klimarena ahaztu gabe baina gaitz guztien zaku bihurtu gabe ere. Ez ditzagun bazterrak nahastu: gurean esana da, Urumea bailaran 60ko hamarkadako euri-kopuruaren erdiarekin sortzen dira oraingo uholdeak. Klima aldaketa ala lur-okupazioa? Hortaz, eredu energetikoa aldatu beharra bai, baina Lurraldearen Antolamenduaren gaurko ikuspegia eraldatu ere. Eta energiaz eta lurralde-okupazioaz ari bagara, ekonomiaz ari gara, eta, beraz, ekoizpenaz, garraio-azpiegituraz, kontsumoaz, erabakietan esku hartzeaz... Eredu globala da aldatu behar dena, lan-kalitatea eta lan-eskubideak ekonomiarekin, lurraldearekin, lurtarren demokraziarekin eta klimarekin lotzen dituen eredua. Eta GARA moduko egunkari batek horren gaineko etengabeko gogoeta bultzatu behar digu gutxienezko iritzia dugunoi. Nondik hobeto editorialetik baino? Osasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo